Duela 29 urte hasi ziren Beasainen otsailaren 5ean jaiotakoak afaria egiten, herriko zaindariaren, Loinazko San Martinen, eguna dela ospatuz. Iñaki Mujika, Martin Azurmendi eta Hilario Alvarez hasi ziren afaria antolatzen.
Egun 40 lagundik gora dira Beasainen egun horretan jaiotakoak, eta hasieran egiten zuten bezala, orain ere denei egiten diete afarirako gonbidapena, gutunez.
Irudiko afaria 1985eko otsailaren 5ekoa da; lehen afarikoa. Bertan daude (ezkerretik hasita) Altolagirre idiazabaldarra bere emazte Maria Luisa Amutxastegirekin, Maite Berasaluze eta Iñaki Mujika, Hilario Alvarez eta Iparragirre emaztea, Martin Azurmendiren emaztea, Juanito Carrasco, Kristobal Goikoetxea eta bere emaztea, Amparo Muñoz eta bere senarra, Filomena Manjon eta Juan Carrasco, Ageda Sarasola eta bere senarra eta Miki Ortega eta emaztea.
Afariko antolatzaileek Kristobal Goikoetxea izendatu zuten lehendakari, Indarretik 65 urterekin jubilatu zenean. Beheko irudian dago, Jon Artola eta Anartz Mujika (Iñaki Muikaren semea) trikitilarien erdian, bere emazteari begira. Oraindik ere trikitilariak lagun izaten dituzte, poteoan eta ondorenean. Horrez gain, jotak abesten ere aritzen da Puri Tirapu.
Pako Aiestaran Liverpooleko entrenatzailea izandakoa ere joaten zen afari horretara. Gaur egun, etorri ez arren, oraindik ere deitzen omen diote telefonoz.