Iker Azpeitia pertsona ezaguna da Legazpin. Herriko hainbat ekintzatan eta proiektutan parte hartu du azken urteetan, orain, horietako zenbait utzita dituen arren. Uzteko erabakia hartzeak «pena» eman diola aitortu du. Dena den, zenbait proiektutan «urte asko» eman dituela eta «atzetik datozenei ere lekua utzi» behar zaiela pentsatzen duten horietakoa da. Antolaketan aritzea gustuko du, gero «jendeak gozatu egiten duela» uste baitu.
Orain, D-Pintxos musika taldean du jarrita arreta guztia. Taldea 2009an sortu zen eta 2012an lehenengo diskoa kaleratu zuen. Une honetan «bigarren diskoa izango dena prestatzen» dabiltza, ekainean sartuko baikara berriz, grabazio estudiora», esan du. Diskoa osatuko duten zenbait abestiren melodiak eginda dituzte jada, «hitzak jartzea falta zaigu», zehaztu du. Web gunea ere sortu berri dute oraintxe: dpintxos.com. «Taldearen historia, guri buruzko informazioa… bildu dugu bertan eta, gure diskoa doan jaisteko aukera ere badago», dio.
Futbola zainetan
Baina Azpeitia, Legazpiko Gazteak Kirol Elkarteko sortzaileetako bat ere izan da. «Gaztetxean futbol talde bat izateko helburuarekin sortu genuen», azaldu du. Futbol taldea 2006an desagertu zen, baina elkarteak 2008tik Futbol 7 Txapelketa herrikoia antolatzen du, «herriko jende askok parte hartzen du beti». Maiatzean hasiko dira kanporaketak eta finala ekainaren 28an izango da aurten. Dagoeneko izena eman daiteke.
Gainera, Azpeitiak Sorgintxulo aisialdi taldean 15 urte egin ditu, Gazte Asanbladan ere ibilitakoa da eta Goiz Deia txistulari taldeko kide ere bada.