Lurretik zerurako jauzia emango duela esatea ez da metafora Xabier Dorronsororentzat (Olaberria, 1987). Abioneten instruktore izan ondoren, hegazkin komertzialen pilotu gisa hasiko da lanean, martxoan, Vueling konpainiarekin. Airbus A320 bat erabiliko du, espezializazio kurtsoa egin du eta.
Nondik datorkizu hegazkinetarako zaletasuna?
Txiki-txikitatik. Hiru-lau urte nituenetik beti gustatu izan zaizkit. Batez ere lehenengo bidaia egin nuenetik, Tenerifera, oporretan. Lau-bost urte nituen. Kabinan sartu ginen, eta orduantxe sortu zitzaidan harra. ‘Hau da nirea’, pentsatu nuen. Jostailuzkoak erosi, aldizkariekin hasi, eta mundu honetan gero eta gehiago sartu nintzen. Simulagailuekin ere bai, etxean. Gaur egun edozeinek eduki ditzake, ordenagailuan. Nahiko onak daude, baina gaizki ikasten da hor egia esan, zerorri bakarrik hasten zarenean.
Baina gehiago ere beharko da. Non eta zer ikasi zenuen?
Erabakia hartzen duzunean pilotu izan nahi duzula, gaur egun bi modu daude: bat unibertsitateko karrera egitea —nire kasua—, eta bestea eskola ofizial batean kurtsoa egitea. Oso desbedinak dira. Biekin lizentzia berbera lortzen da, baina unibertsitatean karrera bat duzu. Estatuan bi lekutan bakarrik dago titulu ofiziala: Reusen —ni izan nintzena— eta Salamancako eskolan.
Karrera berezitua ala espezializazioa da pilotuarena?
Zehazki horretarako da karrera. Gradu ofiziala da, lau urtekoa. Izena zehatz Aire Lineako Garraioko eta Aire Operazioetako Pilotua da, titulu hori lortzen duzu. Horrez aparte, lizentzia.
Zer ikasgai sartzen dira hor?
Urtero asignatura batzuk daude, gainditu beharrekoak; ez dago bat uzterik. Lizentzia ateratzeko ikasgai ofizialak 14 dira: meteorologia, nabigazioa, hegazkinaren sistemak… Beste batzuk aeronautikako zuzenbidea, psikologia eta zentzu horretakoak dira. Denetik sartzen da. Gure lana ere halakoa da, denetik ikusten da eta. Karrerakoez gain, beste 14 azterketa teoriko eta bi praktiko Estatuak egiten ditu, lizentzirako. Pilotu komertzialek proba dezente gainditu beharra daukate.
Oinarrizko lizentziarekin zein hegazkin eraman ditzakezu?
Monomotor guztiak, eta pistoizko bimotorrak, espezialitaterik behar ez dutenak. Hegazkin komertzial bat eramateko, horren espezialitatea egin beharrean zaude. Adibidez, Airbus A320 batek berea dauka, eta Boeing 737 batek berea. Bat edukitzeak ez du esan nahi bestea eraman dezakezunik. Espezialitatea egin duzun modelo hori bakarrik eraman dezakezu.
Orain arte zer lan egin duzu hegazkin gidaritzan?
Nik kurtsoa 2009an bukatu nuen. Ingalaterrara joan nintzen, ingeleseko titulua ateratzera. Itzulitakoan instruktore egin nintzen, erakusten hasteko. Zeren konpainia batean sartzeko ordu kopuru bat eskatzen dute, eta bi modu daude betetzeko: dirua ordaindu, edo bestea sektorean ahal duzun tokitik hasi. Kurtsoa egin eta Hondarribiko eskolan sartu nintzen 2010ean. Orain arte 1.500 ordu egin ditut. Urrian Vuelingetik deitu zidaten, probak egitera joateko, lehenengo aldiz. Gainditu nituen, eta abenduan A320aren espezialitatea egin nuen. Martxoan hasiko gara.
Martxoaren 3an zoaz, ezta?
Bai, jada hegan egiten hasiko gara martxoan. Basea Bartzelonan edukiko dut, El Prat aireportuan. Han biziko gara, gertuan, ordubete baino gutxiagoan egon behar dugulako.
Komandante batekin hasiko zara. Kabinako bigarren gisa?
Bai. Hegazkin komertzial guztietan bi pertsona joaten dira, biak pilotuak: ezkerrean joaten dena komandantea da, eta eskuinekoa lehenengo ofiziala. Biek lan berbera egiten dute, eta biek eramaten dute hegazkina. Batek jauzi bat egiten du, eramaterakoan, eta gero besteak ekartzen du. Eramaten ez duenak besteari laguntzen dio. Komandantea da hegazkin horretan pasatzen den guztiaren arduradun nagusia. Diferentzia ardura horixe da. Bigarren izateak esan nahi du komandanteari zerbait pasatuz gero zu zarela arduraduna.
Ardura esaten denean, bat, noski, hegazkina ondo eramatea da. Baina gehiago izango dira.
Zentzu guztietan. Den-dena daukazu bete beharra. Lehenengo, iristen zarenean, hegazkina nola dagoen ikusi, zeren aurrekoak gaizki utzi badu erantzukizuna zurea da. Bestetik, jende asko doa, 170 pertsona gutxienez, eta edozeini edozer gauza pasa liezaioke: bat drogatuta tokatu liteke, bestea edanda, bat gaizki sentitzen dela… Erabakiak komandanteak hartzen ditu.
2001etik, gainera, hegazkinak oso kontrolatuta daude.
Bai, asko aldatu da abiazioa. Ordu arte munduko konpainia guztiek lege bat zeukaten —kabina itxita, atea itxita…—, baina ez zen erabat betetzen. Gaur egun, atea irekitzea arraroa da, zerbait berezia pasatzen da. Ni bost urterekin kabinan egon nintzen. Aitak azafatari galdetu zion ea erakutsi ziezadaketen. Gaur egun ezinezkoa da. Ezagunak izanez gero errazagoa da, baina ezezagun batzuk ezin dira kabinan sartu.
Beraz, Olaberriko haurrek zortea edukiko dute…
Ez dut uste [barrez]. Hori ere komandantearen eskuetan dago, hark esaten du kabinan zein sartzen den eta zein ez.
Goierriren gainetik hegan ibilia izango zara.
Dexente. Hondarribian egon naizen hiru urteetan, instruktore bezala dezente etortzen ginen hona. Ikasleei irakasteko barrualdera sartzen gara, pixka bat despistatzeko, nabigatzen ikasteko… Gainera, hemengoa izanda, beti gehiago erakartzen zaitu: hona inguratu, Aralar ikusi, zure etxea gainetik ikusi, bizi zaren eremua… Bista ikusgarria da. Gainera, Goierri nahiko polita da. Kanpoko jendeak ere esaten du: kosta eta Donostia oso politak, baina barrualdea, Goierriko bailarak eta Etxarri aldea, ikusgarria da goitik.
Eduki dudan sustorik handiena, gainera, Goierrin izan nuen, putreekin. Nahiko altu ibiltzen dira, eta bandada batekin topo egin genuen Beasainmendin, Usurbe gainean. Hegazkina ez da mugitu behar halakoetan. Putrea bera egiten da bola bat eta behera erortzen da. Baina horretaz fidatu behar duzu. Zu 200dik gora kilometro orduko zoaz, eta non jotzen zaituen, aberia dezentekoa egin lezake. Sustorik handiena horixe eduki dut; ez zen ezer pasatu.
Lan berriaren etorrerarekin, nola zaude?
Lehenengo gauza, ilusionatuta. Nire betiko helburua konpainia batean sartzea eta hegazkin komertzial bat eramatea izan da. Instruktore bezala ere oso gustura egon naiz, hegan egitea gustatzen zaidalako. Hasteko gogoarekin nago, eta ea garapenean goraka joaten garen. Hurrengo helburua, konpainia batean ondo zaudenean, eta urteak eta orduak dituzunean, komandante egitea da. Hori oraindik urruti ikusten dut, ordu asko behar direlako.
Beraz, bizitzako ametsa beteko duzu.
Bai. Egiatan bete dut, zeren ia hegazkin komertzial bat pilotatu dut. Orain, lehenengo erronka, gertukoena, jendea eramatea da, hegazkina neronek eramanez, baina jendearekin.
Zer sentitzen da hor goian?
Espeziala da. Gehien sentitzen duzun momentua lehenengo aireratzea da, kurtsoan zaudenean. Lehendabiziko aldiz hegazkin handi hori hartzen duzunean zerbait espeziala sentitzen da. Azken batean, 170 pertsonatik gora eramaten dituen aparatu batekin zoaz, 75 tona… hitz handiak dira, eta hori eramatea ardura da. Baina ez duzu horretan pentsatzen, baizik zure lana momentuan ahal duzun ondoena egiten.