Aitor Elizondo Ttitti-k (Beasain, 1981) duela lau urte izan zuen lehen aldiz eskuartean carcross auto bat, lan egiten zuen tailerrera konpontzera eraman zutenean. Gustatu, eta bigarren eskuko bat erosi zuen. Zaletasunari heldu eta lasterketetan parte hartzen hasi zen, slalom eta autocross modalita- teetan. Suzuki GSXR 600 bat da berak gidatzen duen carcrossa. Oilar itxura du, gandor eta guzti.
Konponketa guztiak Elizondok berak egiten dizkio, «bestela diru asko beharko nuke», dio. Oraintxe hasi dute autocrosseko carcross denboraldia, eta iaz «nahiko txukun» ibili ondoren, aurtengo lasterketetarako «gogotsu» dago. «Mirandan, Alcañizen, Espainiako txapelketan eta horrelakoetan ibiliko naiz datozen asteburuetan», dio. Espainiako lehiaketan 60 lagun inguruk parte hartzen du, eta gainerakoetan 30-35 inguruk. Lasterketak, ordea, hamabosnakako taldeetan egiten dituzte, zirkuitu itxietan egiten direnez, denak ongi sartzeko. «Lasterketetan garrantzia handia dute entrenamenduek», dio: «Entrenamenduan nola ibiltzen zarenaren arabera jartzen zaituzte lasterketako irteeran». Entrenatu, ordea, «ia-ia lasterketetan bakarrik» egiten duela dio Elizondok. «Lehen Gasteiza joaten ginen, eta hura itxi zutenetik Mirandara (Burgos) joaten gara. Ez daude leku gehiago hemen inguruan, eta horietan ere, eurak esandakoan bakarrik entrenatu daiteke».
Joan den urtean bigarren postua lortu zuen Gaztela-Leongo autocrossean, laugarren Nafarroakoan eta Mirandan lehen postua lortu zuen. Gogoratzen duen kolperik handiena Espainiako lehiaketan izandakoa dela gogoratzen du. «Atzetik jo ninduen auto batek, eta auto berbera pendizera igo zen eta nire gainera erori, iraulita. Nire carcrossak su hartu zuen. Eskapada ederra izan zen». Eneko anaia gustu hartzen hasia da zaletasun horri, eta Aitorren carcrossetako bat erabiltzen du orain. Neskalagunak ere laguntzen dio. Kirol garestia da, ordea. Mantenua «oso garestia» dela dio; «batzuk manga bakoitzean aldatzen dituzte gurpilak». Horregatik, babesleak gustura hartuko lituzke.