Ordizian 1926 urtean sortu zen Azari ehiza eta arrantza elkartea. Izenak nahasteak sor baditzake ere, elkarteko Faustino Garmendiak azaldutakoaren arabera, ez omen da elkartekoek azeriak ehizatzen dituztelako: «Azeria elkartearen izenean dago, azeriak bezain ehiztari onak gerala esateko edo…», dio: «Azeriak ehiztari onak dira, eta horregatik».
Gaur egun ia 100 bazkide ditu elkarteak, horietako asko euren gurasoen bazkidetzarekin jarraitzea erabaki dutenak. «Elkarte gastronomiko bezala funtzionatzen du gehienbat gureak», dio Garmendiak. «%20a ere ez da izango ehiztaria» dio. Baina, urtean zehar zenbait ekintza ere antolatzen dituzte.
Zanbranako lehiaketa
Martxoaren 1ean bazkide ehiztariek Zanbranako (Araba) tiraketa esparrura joan ziren galeperretara, eta handik bueltan, elkartean bazkaria egin zuten beste hainbat bazkiderekin batera. Irudian ageri dira lehiako txapeldunak: Jauregik beteranoen saria eraman zuen, Diezek bigarrena, Landak lehenengoa eta Garmendiak hirugarrena.
San Inazio egunez usakume tiraketa antolatzen dute Lazkaomendin. «Diru sarrera polita ateratzen dugu egun horretan, elkarteko gastuetarako» zehaztu du ordiziarrak. Eta maiatza aldera bazkideen eguna ospatzen dute.
«Orain dela urte batzuk Zaldibiako errekan amuarrain harrapaketa lehiaketa antolatzen genuen, amuarrainak geuk askatuta. Orain, guk behintzat ez dugu antolatzen», azaldu du Garmendiak.
Danborradan ere parte hartzen dute: «Gastadoreen konpainian ateratzen dira mutil handientxoenak, eta gero, mutil horiei eta kantinerei afaria ematen diegu elkartean», gaineratu du.
Horrez gain, mus txapelketa ere antolatzen dute urri edo azaro aldera. «Garai batean bi astetan egunero jokatzen ziren partidak, baina, iaz, egun bakarren jokau ziren partidak, jende gutxiago apuntatzen zelako». Txapelketa horretako bi bikote finalistek Ordiziako elkarteen arteko lehiaketan jokatzen dute gero, udaberri aldera.
Urte askoko historia du Ordiziako elkarte honek. Faustino Garmendiaren arabera, «hemen inguruko elkarterik zaharrenetakoa da». Beste hainbeste ere bete ditzala.