Beñat Lardizabal (Segura, 1994) aitarekin eta osabarekin hasi zen ehizan. Otsailaren 22an Segurako Txoritegi ehiza elkartearen txapelketa irabazi zuen, Ultzaman (Nafarroa).
Nolatan hasi zinen ehizan?
Txiki-txikitan hasi nintzen. Izan ere, aita eta osaba ehiztariak dira. Nik ere bide horretatik segitu nuen. Oinez ikasi nuenetik egiten dut ehiza.
Norekin joaten zara gaur egun?
Osabarekin eta aitarekin ibiltzen naiz batez ere, etxe inguruan eta partzonerian. Santa Barbaran postuak ditugu eta oso toki ona ez den arren, han lasai ehizatzeko aukera dugu. Partzoneriara, berriz, usotara joaten gara.
Aitak eta osabak aholkuak ematen al dizkizute?
Umetan pazientzia edukitzeko esaten zidaten, lasai egoteko. Kontua ez da tiro asko egitea, baizik eta egiten diren horiekin asmatzea.
Hemendik kanpo ere ehizatzen al duzue?
Hemendik kanpora oso gutxi joaten gara. Palentziara(Espainia) joaten naiz noizean behin, osabarekin. Han eperrak botatzen ditugu, gehiago baitaude.
Nora joango zinateke gustura?
Argentina ehizarako oso toki ona dela esaten dute eta, aukeran, hara joango nintzateke.
Zuena afizioa garestia da, ezta?
Oso afizio garestia da. Eskopeta bakarra dut eta aitarena da. Gustura, gainera, uzten didalako. Oraingoz, aitaren eskopetarekin jarraituko dut, zahartu arte.
Zeintzuk dira orain arte irabazi dituzun lehiaketak?
Herritik kanpo ez dut lehiaketa askotan parte hartu. Aurten herrikoa irabazi dut eta duela bi urte Euskadikoa irabazi nuen, Zanbranan (Araba).
Nolakoak dira lehiaketak?
Parte hartzaile bakoitzak epaile bat eramaten du eta beste batek eramandako epailearekin parte hartzen du. Piezak askatzen dituzte eta gehien botatzen dituenak irabazten du. Hemen eperrak botatzen ditugu, baina Zanbranan faisaiak ere bota genituen.
Txakurrarekin ehizatzen al duzu?
Usotan ere ibiltzen naiz, baina txakurrarekin aritzea nahiago dut. Txakurra ondo ezagutu behar da. Horretarako, berarekin ibiltzea oso garrantzitsua da. Mendira korrika egitera joaten naizenean ere txakurra eramaten dut. Setter ingelesa da, arra. Osabarena da, baina nik erabiltzen dut gehien. Sol du izena.