Guriditegi etxea Legazpiko Brinkola auzoan dago, Arabaolatzaenea auzunean. Etxe ederra da, aurrean Arabaolatza errota, antzina burdinola izandakoa, alboan Etxeaundi eta atzean Urola erreka dituela. Agirietan 1649. urtean egiten da etxearen gaineko lehendabiziko aipamen idatzia.
Etxearen jabeak Guriditarrak izan dira beti, eta gaur egun ere hala izaten jarraitzen du, azken hamarkadetan bertan bizi ez badira ere.
XIX. mendearen amaiera eta XX. mendearen hasiera artean taberna egon zen Guriditegin. Izan ere Ergoena auzoa (egun Brinkola) asko hazi zen trenbidea egin zutenean eta ostatu premia areagotu egin zen inguruetan.