Erlezaintzak badu etorkizuna. Izan ere, Goierrin badira erleekin lan egiten duten gazteak. Horietako bat da Xabier Aseginolaza (Idiazabal, 1987).
Nolatan erlezain?
Neskaren aita (Patxi Telleria) erletan ibiltzen zen eta materiala zuen: kaxak, estraktoreak… Animatu egiten ninduen, horretarako lursail egokiak nituela esaten baitzidan. Bere bitartez hasi nintzen. Berak ez zuen erleentzako toki egokirik eta utzi egin zuen. Nik hartu nuen lekukoa. Berak bi kaxa zituen. Horretaz gain, nik erlekuma batzuk hartu nituen, beste batzuk erosi nituen… Dozena bat kaxa jartzeko asmoarekin hasi nintzen eta egun 30 baino gehiago ditut.
Telleriarekin ikasi al zenuen?
Lehen pausoak berarekin eman nituen, baina ondoren ikastaroetara joan nintzen. Lehen ikastaroa Urretxuko Aikur erleen museoan egin nuen, Elias Otegirekin. Ondoren beste bi egin ditut, Fraisoron, Iparraldeko Mikaela Untsainekin.
Neskalagunaren aitak bultzatuta hasi zinen, baina gustatu zaizu, ezta?
Bai, bai. Egun, neskak laguntzen dit. Berari ere gustatzen zaio, gainontzeko animaliek egiten ez dituzten gauzak egiten baitituzte: erregina gaixo jartzen bada, beste bat sortzen dute; jaten ematen aritu beharrik ez dago, eurek lortzen baitute euren jana; azpiak ez zaizkie atera behar…
Ezti asko lortzen al duzue?
Urtearen arabera. Iazkoa oso txarra izan zen, udaberrian euri asko egin baitzuen. Loraldian euri asko egin zuen eta lore asko galdu ziren.
Eztia salgai jartzen al duzue?
Ez. Etxerako egiten dugu.
Lagunek zer diote? Ez zarete asko izango 30 urtetik beherako erlezainak.
Kuadrillako batek ere pare bat kaxa ditu. Besteren bat laguntzera etortzen da eta ohituta daude.
Zer ematen dizu erlezaintzak?
Orkli enpresan egiten dut lan, baina baserri mundua beti gustatu izan zait. Erleen munduak deskonektatzen laguntzen dit. Ehiza ere gustatzen zait, baina denerako astia hartzea zaila izaten da.
Zaletasun garestia al da?
Zerotik hastea garestia da. Kaxak, argizaria, trajeak, hauspoa, erleak… erosi behar dira. Erle nukleo batek 65 bat euro balio du. Nik zortea izan nuen, neskaren aitak bere material guztia eman zidalako.