Erditzearekiko begirune berezia izan dute Zumarragako Ospitalean erditze zerbitzua ireki zutenetik. Poliki aldaketak egin dituzte emakumeari, osasun baldintza berezirik ez badago behintzat, harik eta erditzeko dauden aukera gehienak eskaintzeko. 2012ko azaroan erditze gela berriak inauguratu zituzten, eta orduz geroztik aukera horiek biderkatzeaz gain, baliabideak ere gehitu egin dira.
Zerbitzua muntatu zuen emaginetako bat Feli Rodriguez da, egun Zumarragako Ospitaleko emaginen ikuskatzailea. Rodrigezek Zumarraga emakumeei eskaintzen dizkieten aukerak azaldu ditu, beti ere, erditze fase aktibotik abiatuta; dilatazioa jada hasita dagoenean, alegia.
Erditzeko moduak epidural anestesiaren erabilerak bereizten ditu. Epidurala erabiltzen duten emakumeek ezin dituzte erditze naturalean lagungarriak diren bainuontzia zein baloia erabili; aulki nederlandarra ere ezin da erabili epiduralarekin.
Guztiak, ordea, erditze gela berriek eskaintzen duten gune eroso, intimo eta zabalean erdituko dute; nahi duenak iluntasunean ere bai. Egun dituzten erditzeko oheek posizio ugari dituzte, eta eserita ere erditu daiteke. «Emakume guztiei nola erditu nahi duten galdetzen diegu, eta ahal den neurrian errespetatzen dugu», dio Rodrigezek. Erditzea naturala bada, bi erditze gela berrien artean dagoen bainuontzia erabili daiteke.
«Gero eta gehiago dira erditze fisiologikoagoa nahi duten emakumeak»
Feli Rodriguez (Emagin burua)
«Frogatuta dago laguntzen duela, eta guk ere hori ikusten dugu. Dilatazioa bizkortzen duela konturatu gara eta ordubetean asko aurreratzen dute; izan ere, ur beroa oso lagungarria da».
‘Walking’ epidurala
Baloia ere badute, eta dilatazio fasean erabiltzen dute emakumeek. Pelbisa biratzen laguntzen du. Aulki nederlandarrean jarrita erditzeko aukera ere badago. Aulki baxua da, ferra forma dauka eta umearen jaitsiera errazten du.
Erditzeko beste era bat da anestesia erabiltzen duena. Anestesia epiduralaren alorrean ere berrikuntzak egin dira, eta orain ohiko epiduralaz gain walking epidurala ere eskaintzen dute. Lehenengoak emakumea etzanda uzten du, aldakatik behera lokartzen baitu; bigarrenak kontrakzioen mina arintzen du, baina ez ditu hankak erabat lokartzen. Rodriguezen arabera, «epiduralak dilatazio fasean mina kendu dezake –beti ez– baina umea izateko unea luzatu dezake».
Erditzeko modua zein den kontuan hartu gabe, behin jaioberria umetokitik atera denean, lehortu eta amaren gainean jartzen dute bien azalak kontaktuan egon daitezen. «2000 urtean hasi ginen eta 2002an zesareak egin ondoren jaioberria aitaren bular biluziaren gainean jarri genuen lehenengoz», dio Rodrigezek, ordura arte horrelakorik egiten ez zela gogoratuz. Edoskitze naturala hasi edo ez, jaioberri guztiak amaren zein aitaren azal gainean ipintzen dituzte jaio eta berehala.
Egun, erditzeko anestesia eskatzen duten emakumeak gehiago dira erditze naturalak nahi dituztenen aldean. Rodrigezen iritziko, «gero eta emakume gehiagok erditze fisiologikoagoa nahi duten arren, minak sortzen duen beldurra oso handia da. Gizartean aldaketak egon behar dira erditze naturalak ohikoagoak bihurtu daitezen. Honetan ere, Europaren atzetik goaz». Garai batean baliabide gutxirekin erditzen zuten emakumeek etxean. Gero ospitaleetan erabakitzeko aukerarik gabe erditu zuten. Orain, aukerak biderkatzen ari dira.
Erditze naturala izan duen emakumearen testigantza
Soraya Iparragirre beasaindarrak bigarren umea era naturalean, anestesiarik gabe, erditu du Zumarragako Ospitalean. «Erditze gela berrietan giroa lasai-lasaia da, bakarrik zaude, eta intimitatea da nagusi», dio.
Dilatazio fasean zegoenean bainuontzia erabiltzeko aukera eskaini zioten. Probatu zuen, eta dioenez ordubetez «lasaitua» hartu zuen bainuontzian, baina ondorengo ordu erdian ez zen hain eroso egon eta atera egin zen. Berehala erditu zuen. Mina sentituta ere, min hori «eramangarria» dela dio eta gauzak ondo badoaz erditze naturala «egin daitekeen zerbait» dela nabarmendu du.