Mikel Alvarez
Badakit bidaiazale amorratua zarela Jon, eta horren froga dira zure pasaporteko hamaika zirriborroak. Gainera, ni baino ausartagoa izan zara beti arlo horretan. Hala ere, itxaropena dut Europan zehar bidaiatua zarela eta, hala bada, garbi daukat behin baino gehiagotan pentsatuko zenuela «hauek gu baino aurreratuago daude» errepikakor hori. Gauza askorekin gertatu izan zait Europara zaharrera bidaiatu dudan bakoitzeko, baina bada gauza bat jende gehiagori ere entzun diodana. Eta zer da? Ba gizaseme alferrena ere zoriontsu egingo lukeen garraio publikoa! Merkea eta txartel-zulatzaile gabea! Nola da posible? Ba bai, jendea autobus, tren, metro edo tranbian sartu eta bere borondatez ordaintzen du!
Sinestezina… Hemen horrelakorik jartzea pentsatzen dugu halakoetan, baina ez dugu garbi ikusten. Ederra izango litzateke bai, baina ezinezkoa. Zuk uste hemen inork tren txartel bat ordainduko lukeela derrigortuko ez balute? Ba nik, garbiago dut egunero, ez. Are gutxiago bosgarren edukiontzia erabiltzeagatik hobariak eskaini eta marroietik txartela pasatzen dugunean, gure ekintza zenbatu ondoren zakar poltsa bakarra berdera botatzeko. Edo TAOa dela eta, alboko herrian (merkeagoa delako) erroldatua genuen autoarekin egoiliar txartela lortzeko zer egin behar dugun galdezka gabiltzanean… Ez dugu barkamenik Jon.
Jon Artola
Demontre Mikel, baina jendeak guzti horiek egiten al ditu ala? Zeinen inozentea naizen alajaina! Ikusten dut xoxak aurrezteko aukerak galdu eta galdu nabilela egunero. Arraioa, herriko aberatsenen artean nintzateke honezkero!
Edo beno, agian… agian ez, ezta Mikel? Zaborrengatik urtean 20 euro aurreztuz behintzat, gaur egungo maila berberean nengoke gutxi asko. Ikaragarria da bai, jendeak horrelako trikimailuekin herrikideei iruzur egitea eta ondoren, auto, telefono, aseguru edo argi indarretan multinazionalei horrenbesteko erreparorik gabe eta agian konturatu ere egin gabe, hilean 5 edo 10 euro gehiago ordaintzea.
«Lehen ere nahikoa zerga ordaintzen ditut», «besteek ere egiten dute» edo «niri ezer esan aurretik sar daitezela ustelkeria kasu handiekin» bezalakoak pentsatuz justifikatzen du jendeak bere burua (azken honetan arrazoiz agian, pikareskaren batura, ustelkeria handiekin konparatu beharko litzateke eta). Baina sorgin-gurpilarekin apurtu beharra dago, azkenean inork ez baitu ezer ordainduko, besteek ordaintzen ez dutelako.
Eta beno Mikel, behin berriketan ari garela, nola du izena aurrekoan deskargatzeko gomendatu zenidan musikariak? Izan ere, estreinatu berri den pelikula bat online ikusten nengoen eta ez nuen inon apuntatu. Badakizu, «lehen ere kulturan nahikoa ordaintzen dut», etab.