Beasaingo festen hasieran, maiatzaren 30eko 18:00etan egingo dute debuta Beasaingo Ekaitz konpartsakoek, eta lehen aldiz, Mariren Jaitsieran ere izango dira, 25. urteurrenaren harira. Aurrez taldekide batzuk erraldoiak eramaten aritzen baziren ere, taldea formalki sortzea erabaki eta 18 lagun inguruk osatzen dute orain konpartsa. Paper batzuk betetzea soilik falta zaizkie elkarte gisa erregistratzeko, ondoren udaletxekoekin hitzarmena lotzeko.
Lau erraldoi eta zortzi buruhandi daude egun Beasainen. Buruhandiak 14-16 urte inguruko gaztetxoek janzten dituzte eta erraldoiez irudian ageri diren kideak arduratzen dira. Neska bat ibiltzen da laguntzen eta «gehiago ere ongietorriak» izango liratekeela diote taldekideek.
Beasaingo erraldoiak, orain arte, eraman bakarrik egiten bazituzten, orain baltsa, fandangoa eta arin-arina egiten ikasten ari dira. Bi erraldoi berri egongo dira aurten, gainera.
Konpartsakideek erraldoi berriak nolakoak izango diren sekretuan gorde nahi badute ere, Beasaingo ohiturei lotutako bi pertsonaia izango direla aurreratu dute. Xabier Garatek egin ditu Irunen (Gipuzkoa) eta ohi bezala, neska eta besteak mutil itxura izango dute.
Urte osoa dantzan
Beasaingo erraldoiak ez dira, ordea, Loinatz jaietan bakarrik ateratzen: San Joan bezperan, Udazken Kulturaleko ekintzen barruan, Inauterietan… ere dantza eta dantza aritzeko prestatzen ari dira Ekaitz konpartsakoak. Nafarroako alarde batzuetara ere joatekoak dira. Festetara Legazpiko erraldoiak ere etorriko dira, beasaindarrak pasa den urteko irailean hara joan zirelako, bueltan.
Horretarako, Arana kalean dagoen Bonberia zenean gordetzen dituzte erraldoiak, eta kale berean egiten dituzte entseguak.
Dantzak entseatzeaz gain, erraldoiak txukuntzeko ere erabiltzen dituzte entsegu egunak, 20 eta 30 urte baitutuzte jada. 30 urtedunak iaz berritu zituzten eta faktorea eta kantinera konpontzeko daude: «Erraldoien pisua eramatea baino, oreka mantentzea zailagoa» dela diote taldekoek.
Festetarako entseatzen ari dira azken asteetan, eta festak hasi aurretik, musikariekin ere egingo dituzte entseguak.