Urretxuko eta Zumarragako gazte asanbladak gaztetxearen inguruko hausnarketa antolatu du, bi herrietako gazteei proiektuak aurkeztea proposatu die. Egitasmoak maiatzaren 7an aurkeztuko dituzte. Ideia guztiak jaso eta kontuan hartuko dira. Helburua parte hartzaile guztien artean eredu bat zehaztea eta praktikan jartzea da.
Proposamenak aurkeztu nahi dituztenak oraindik garaiz dabiltza. Idatziek zazpi puntu hauek izan behar dituzte oinarri: gaur egungo egoeraren analisia, ekonomia (barrako langileak, garbitzaileak, sarrerak, diru-laguntzak…), espazioaren erabilera, ordutegia, herriko elkarteekin harremana, garbiketa eta asanbladaren papera. Gazte asanbladaren helburu nagusietako bat belaunaldi berriak erakartzea da. Bestalde, ez dute gauzak inertziaz egiten bukatu nahi eta, horretarako, noizean behin helburuei eta metodologiari buruz hausnartzea komeni dela uste dute.
Ekintzak
Baina hausnarketa eta ekintza bateragarriak dira. Hala, datozen asteetarako hainbat ekitaldi antolatu dute. Aurreko asteetan, kontzertuak, bilerak eta Barazki Culinary Center sukaldaritza begetariano tailerra egin dituzte. Hilaren 17an, berriz, Mirentxin Eguna ospatu zuten.
Gaur bertan, 23an Pista talde portugaldarrak kontzertua egingo du eta 31n sukaldaritza begetariano tailerreko bigarren saioa egingo dute.
Asteartero (19:00etan) langile borrokari buruzko dokumentalak proiektatu dituzte eta asteazkenero (ordu berean) asanbladak egiten dituzte. Ekainean, urtero bezala, gaztetxearen urteurrena ospatuko dute.