Bihar, hilak 24, 09:00etan, Ataungo San Martin plazatik abiatuko da natura ondarea ezagutzeko ibilaldi gidatua. Agauntza ibaiaren ondoan, Astigarraga, Musasaga, Olaluzeaga, Zubiondo, Urezandi, Aldakotxo, Auzmendi eta Arbotonetatik joan etorria egingo dute, inguruko landareak eta animaliak ezagutuz. Yoana Garcia Aranzadi Zientzia Elkarteko biologoak emango ditu azalpenak. Ibilbidean parte harte nahi duenak aurrez izena eman behar du, www.atauniker.org webgunearen bidez edo 649 835 661 edo 645 738 858 telefonoetara deituta.
Landare eta animalia aldetik oso baliotsua den eremua da Ataungoa. «Ataunen azaleraren % 76 eremu babestua da, Aralarko Parke Naturalean sartuta dagoelako eta Agauntza ibaia Oria Garaiko Babes Bereziko Eremuko parte delako. Arrazoi honengatik biak Europar Batasunaren Natura 2000 sarean sartuta daude. Toki bat Natura 2000 sarean egoteko baliotsua izan behar du landare eta animalia aldetik. Jatetxeentzako dagoen Michelin Gida antzeko zerbait litzateke Natura 2000 sarea Europa Batasuneko natur ondarearentzako», argitu dute Atauniker elkartekoek.