Iker Imaz (Segura, 1998) kadete mailako txirrindularia da, Beasaingo Inoxcra taldekoa da. Datorren urtean gazte mailara pasako da eta Ordiziako Ampo-Caja Rural taldean arituko da.
Nolatan halako bizikleta zaletasuna?
Benjamin mailan hasi nintzen, Lehen Hezkuntzako 4. mailan nengoenean. Anaiak lasterketetan parte hartzen zuen eta inbidia eman zidan. Berak 18 urte ditu eta dagoeneko ez da bizikletan ibiltzen.
Nolako txirrindularia zara?
Esprintetan ez naiz gaizki moldatzen eta aldapa gora ere ez. Erlojupekoak, ordea, oso gogorrak iruditzen zaizkit. Orain arte taldekakoak bakarrik egin ditut. Bakarkakoak izugarri gogorrak izango direla suposatzen dut.
Lasterketa asko irabazi al dituzu?
Haur mailan zortzi bat lasterketa irabazi nituen. Gainera, duela bi urte gure taldeak Gipuzkoako erlojupeko txapelketa irabazi zuen. Denboraldi honetan bi lasterketa irabazi ditut: Elgoibarkoa eta Debakoa. Bietan ihesaldi batean sartu nintzen, taldetxoa helmugara heldu zen eta esprinta irabazi nuen.
Zeintzuk dira zure erronkak denboraldi honetarako?
Aurki Gipuzkoako taldekako erlojupekoa dugu. Ea podiumera igotzen garen. Bestalde, lasterketaren bat gehiago irabazi nahi nuke.
Datorren urtean maila berean jarraituko al duzu?
Ez. Datorren urtean gazte mailan arituko naiz. Loinatz txirrindulari elkarteak ez du gazte mailako talderik eta Ampo-Caja Rural taldean arituko naiz. Lehen urtea izango dudanez gazte mailan, zaila izango da denboraldi honetan bezain ondo ibiltzea.
Nola ikusten duzu etorkizuna?
Amateur maila bitartean jarraitu nahi dut. Nire ametsa profesional mailan aritzea da eta ahal dudan guztia egingo dut horretarako. Ikasketei dagokienez, DBH4 egiten ari naiz Beasaingo institutuan eta batxilergoa egiteko asmoa dut.
Telebistan ematen dituzten lasterketak ere ikusten al dituzu?
Bai. Italiako Giroa ikusten ari naiz.
Zein duzu gustuko txirrindularia?
Lehen Euskaltel-Euskadi taldekoak jarraitzen nituen bereziki eta egun, berriz, euskaldun guztiak. Joaquim Rodriguez ere gustuko dut.