
Gorka Azkarate
Aspaldiko, Nerea! Igandeko giza katerako prest? Badirudi Durangotik Iruñearainoko bidea jendez lepo egongo dela, elkarri eskutik helduta, erabakitze eskubidearen aldarrikapen oihua lau haizetara hedatuz. Ea eguraldiak ere laguntzen duen eta festa borobila izaten den herri, errepide eta Euskal Herriko txoko guztietan.
Edonola ere, aste mugitu xamarra izaten ari da hau, atxiloketak eta Ebro ibaiaz hegoaldetik datozen albisteak direla medio. Komunikabide guztiak (edo ia guztiak) ez ohiko jarraipena egiten ari dira Juan Carlos Borboikoa badoala-eta sortu den zalapartari. Monarkiaren aurkako aldarria han eta hemen entzun da, errepublikaren aldeko aldarria entzutearekin batera. Hala ere, epe motzean behintzat ez dirudi aldaketa handirik izango dugunik, presaka eta korrika izendatuko baitute Felipe Espainiako errege, egungo egoera luzatze aldera, noski. Zerbait mugitzen ari da, ordea, ez duzu uste, Nerea? Ea, bada, igandean guk ere gure hondar aletxoa jartzen dugun bide horretan…
Nerea Elustondo
Auzoan zerbait mugitzen ari dela ematen du bai, baina ahala dutenek lehengo lepotik burua! Aste honetan ere, fin ibili da Espainiako Barne Ministerioa Aritxulegiko Gudarien Basoa dela eta ez dela. Ez da berria. Bakea eta normalizazio politikoaren alde Espainiako Gobernua egiten ari den ahaleginaren beste adibide bat gehiago besterik ez da. Berdezkoentzako beti izan du intxaurrondoak haritzak izan ez duen itzala.
Espainiara begira jarri nauzularik, gaztelerazko hitza euskarara literalki itzulita, Zarzuelako artelatz zaharra ere ohartu da nonbait ez duela garai batean zuen itzalik eta zer gerta ere, zuhaitz gaztearen esku utziko du bibotedun gizon txiki hark eman zion ardura. Tamalez, urte asko pasako direla ematen du espainiarrei zuhaitza zaintzen jarraitu edo errotik moztu nahi duten erabakitzeko aukera ematen zaien arte.
Baina gatozen gurera. Egia esan, ederra izan da azken hilabeteetan gure herrietan sortu den mugimendua ikustea. Zenbat jende, zenbat ekintza eta zenbat ilusio! Haurren kontaketa sistema erabilita, bi lo falta dira egun handirako! Ikusi nahi ez gaituenak ere ikusi beharko gaitu oraingo honetan…