Urretxu, Zumarraga, Legazpi, Ezkio-Itsaso, Gabiria eta Ormaiztegiko baserritarrak, merkatariak, kontsumitzaileak eta erakundeak elkarlanean ari dira bertako baserrien ekoizpena eta produktu horien kontsumoa sustatzeko estrategian. Datozen 4-5 urterako ekintza plana definitu dute guztiek elkarrekin.
Bertatik Bertara proiektuko bultzatzaileek diotenez, «oso erraza da Bertatik Bertara proiektuko partaide izatea». Ekoizleak dira proiektuaren ardatza, euren produktuak baitira merkaturatu eta ezagutarazi nahi direnak.
Bestetik, merkatarien parte hartzea ere ezinbestekoa da produktu horiek kaleratzeko bidean, «merkatariak dira elikadura bide honen alde apustu eginez, produktuak euren saltokietan jarri behar dituztenak».
Kontsumitzaileak, azkenik, «bidearen helmuga dira, produktua erosiko dutenak».