Gaztetxeak aurten 10 urte betetzen dituela eta, herrian horren berri eman eta jendearekin batera urteurrena ospatzeko asmoz, Kabaret berezi-berezia eskaini zuten larunbatean Beasainen. Herriko elkarte ezberdinekin elkarlanean eta gonbidatu batzuk lagun, emanaldi sorta handia eskaini zuten.
Gaueko hamarretan hasi zen emanaldia txosna gune ondoan jarri zuten oholtzan. Gaztetxeko bi kidek egin zituzten aurkezpenak, eta emanaldi guztien aurkezpenak, baserritarrez jantzita, modu oso atseginean eta dibertigarrian. Joanes Etxaide zegamarrak eta Gema Urteaga beasaindarrak bertsoak abestu zituzten lehenik, eta Beasaingo Aurtzaka Dantza Taldekoek saioa egin zuten, Aitor Furundarenaren doinuekin.
Hamar urteren erakusle
Herritarren azken emanaldia Mantala No! bakarlariak eskaini zuen, bera izan baitzen gaztetxean lehen kontzertua egin zuena. Bere abestiak eta Ruper Ordorikaren bertsio bat eskaini zituen.
Jarraian ikusi ahal izan ziren saioetara hainbeste ohitu gabe zegoen Beasaingo ikuslegoa: dantza orientalak, txalaparta elektronikoa eta Reveldias Minimas taldearen Andar con tacones sin hacer ruido performancea ikusteko aukera izan zuten. Honen amaieran, gaztetxean sortu berri den talde feministari keinu bat egin nahi izan zion antzezleetako batek.
Jarraian, gaztetxeko kide batzuk antzoki gainera igo ziren eta bengalekin pankarta bat atera zuten borrokaren fruituak dastatu eta gurekin topatu zioena. Amaitzeko, antzokiko paretan, soketatik zintzilik, ikuskizun berezia eskaini zuen Dragon Bassek: Sokaren Itzala.
Jendetza bildu zen txosna ingurura larunbat iluntzean emanaldia ikustera; batzuk horretarako prestatu zituzten aulkietan egon ziren, estalpean beste batzuk, eta baita txosnetako barra bazterrean ere.