Euria gogotik ari zuen egun batean hasi zen dena. Miren Gallastegi segurarra eta Ziordiko (Nafarroa) bere lagun Aurkene Ormazabal kafe bat hartzeko gelditu ziren. Etxera bueltan blai egin ziren euriarekin eta, orduan, argi ikusi zuten zer egin behar zuten: zirak edo anorakak. Ormazabal ingeneritza industriala ikasten hasi bazen ere, utzi eta Modaren Diseinua ikasketak egin zituen. Gallastegik, berriz, ingeneritza industriala ikasi zuen, baina, honek ere modaren mundua gustoko nonbait, eta Modaren Diseinuaren inguruko kurtso bat egin zuen Madrilen. Ziordikoak, zerbait egiteko gogoa zuela esan zion segurarrari, baina, ez zekiela nondik hasi. Egun euritsu hura iritsi zen arte.
‘Prêt à porter’ ere bai
2013ko azaroan hartu zuten kafe hartatik denbora pixka bat pasa da, eta ez dira lo egon. Anoraka bereziak eta pertsonalizatuak egiteaz gain, 2015eko udaberri-uda denboraldirako prêt à porter edo egunerokorako jantzien kolekzioa ere ari dira prestatzen, eta datorren urtean dendetan egotea espero dute. «Patroi sinpleak, diseinu minimalista eta zeresana ematen duten estanpatuak» dituzte euren diseinuek, Gallastegiren arabera. Materialak, berriz, ahalik eta naturalenak: kotoia eta zeta.
Horrez gain, enkarguz ere egiten dute lan: ezkongai batentzat eta ezkontzako gonbidatuentzat ere ari dira jantziak egiten. Ezkongaiarena, gainera, «berrerabilgarria» dela dio Gallastegik: «Soineko motza nahi zuela esan zigun ezkongaiak, eta guk bi piezatako jantzi bat proposatu genion, gero egunerokoan berrerabili ahal izan ditzan; gustatu zaio ideia».
Anorakak egiteko ehun berezi bat erabiltzen dute (kirol dendetako anoraken ezberdina), eta anorakak ere pertsonalizatuak izaten dira. Bulegoa Olaztin (Nafarroa) badute ere, bezeroekin beste leku batzuetan gelditzen dira, tratu pertsonalizatua eskaintzeko. Olaztin diseinatzen dituzte jantziak, Bartzelonan estanpatu, eta Madrilgo jostun batzuk egiten dituzte. Zenbait enkargu, berriz, Etxarri-Aranatzen (Nafarroa) bizi den jostun batek egiten dizkie. Datorren udaberrirako euren jantziak dendetan egotea espero dute eta laster irekiko duten webean ere egongo dira salgai. Facebooken eta Instagramen ere badute kontua.