Jon Agirrek (Idiazabal, 1967) erremontean jokatu zuen eta egun Legazpiko Gazteak pilota eskolako kidea da.
Nolatan sortu zenuten pilota eskola?
Duela 11 urte gaztetxean futbol taldea sortu zuten, baina pilota talderik ez zegoela konturatu ziren. Pilotaleku berria orduantxe inauguratu zen eta gazteek pilota elkartea sortzea erabaki zuten. Duela zazpi bat urte harrobia landu beharra zegoela ikusi zuten eta gurasookin lanean hasi ziren. Zuzendaritza hiruzpalau gaztek eta sei bat gurasok osatu genuen.
Gustura al zaudete orain arte egindako lanarekin?
Poliki-poliki gero eta jende gehiago inguratu da. Gainera, txapelketak antolatzen ditugu. Binakako eta banakako txapelketak antolatzen ditugu eta gure pilotariek inguruko herrietako txapelketetan eta federazioak antolatzen dituenetan parte hartzen dute. Gainera, herri mailako txapelketak Legazpin pilota zaletasuna suspertzea lortu du. Urtero pilotalekua bete egiten da.
Pilotalekua oso toki onean dago.
Hala da. Beste herri batzuetan, Zumarragan adibidez, bertara joan beharra dago. Hemen, berriz, jendea nahi gabe ere sartzen da. Ostiraleko poteoan jende asko egoten denez, partidak ostiraletan jokatzen ditugu. Hala, jende askok pilotalekura sartu-irtena egiten du.
Zenbat gazte dituzue?
6 eta 13 urte arteko 50 bat mutiko eta 13tik gorako 24 gazte ditugu.
Herriarteko txapelketa jokatu al duzue inoiz?
Ez, baina asmo hori dugu. Jokatzekotan, irabazteko jokatuko dugu! Bizpahiru urte barru parte hartzea espero dugu.
Etorkizun oparoa duzue, beraz.
Bai, nahiz eta urtetik urtera gauzak asko aldatzen diren. Izan ere, 12-13 urterekin batzuek pilota uzten duten futbolean buru-belarri aritzeko. Dena den, beste askok jarraitu egiten dute eta kadete eta gazte mailako pilotariak oso gustura daude eta jarraitzeko asmoa dute.
Neskarik ba al duzue?
Adin batetik aurrera, bakarrik sentitzen dira eta utzi egiten dute. Nire alabak, adibidez. Semeak ere utzi zuen.
Zuk, berriz, erremontean jokatu zenuen. Nolatan erremonte jokalari bat Idiazabalen?
Idiazabalen erremonte jokalari onak zeuden. Aseginolaza anaiak oso onak ziren eta haien bitartez hasi nintzen.
Urte askotan jokatu al zenuen profesionaletan?
1990ean utzi nuen, lesio bat medio. 23 urte bakarrik nituen, baina medikuak uztea gomendatu zidan. Bi urte eman nituen profesional mailan.
Nor zebilen punta-puntan garai hartan?
Koteto Ezkurra garai hartan hasi zen. Segurako Auzmendirekin eta Idiazabalgo Egialderekin ere jokatu nuen. Koteto bezala, aurrelaria nintzen. Bere aurka partidaren bat jokatu nuen. Ez dut emaitza gogoratzen, baina seguru aski galdu egingo nuen.
Dagoeneko punta-puntakoa izango zela ikusten al zen?
Bai, nahiz eta 17 bat urte bakarrik zituen, berehala egin zuen gora.
Nolako jokalaria zinen?
Saiatua. Gustura aritzen nintzen eta uzteak pena eman zidan. Dena den, beste gauza batzuk egiteko aukera izan nuen. Beranduago uztea okerragoa izango zen.
Erremonte partidak ikusten al dituzu?
Bai. Tarteka Galarretara joaten naiz. Finalak ikustera, batez ere. Gure garaiko gehienak dagoeneko erretiratu dira, baina gutxi batzuek jarraitzen dute.
Zein duzu gustuko jokalaria?
Ezkurra, Zeberio eta hauek bidaliko dituenik ez da heldu oraindik. Nik utzi nuenetik asko aldatu da erremontea. Egun saskiak zuntzezkoak dira eta azkarrago jokatzen dute. Gainera, krisiak kalte handia egin du. Nire garaian, ikusle asko joaten zen partidetara.