Unai Kerejeta
Etb-ko Goenkale edo Tve 2-ko Cifras y Letras-i ez bezala, iritsi zaigu gure abentura honi amaiera emateko unea. Lehen idatzitik bi urte pasa direla uste dut, ezta? Hemen ibili gara harrezkero, bi hilabetetik behin idazten, makina bat gai jorratuz, edo saiatzen behintzat!
Oraingoan bagenituen zenbait gai mahai gainean: erregearen abdikazioa, Munduko Futbol Txapelketan Espainiako selekzioak izan duen gain-behera, Urretxuko San Juanak edo Zumarragako Santa Isabelak, zeintzuk gustatzen zaizkigun gehiago (jendeak lanean jai eskatzekotan Santa Isabeletan eskatzen du, kar, kar, kar), Israeldar sionistak Gazan egiten hari diren sarraskia, Errusia-Ukrainia….
Nola diren gauzak Susaeta jauna, zenbait momentuetan zertaz idatzi ez dakigula ibili gara eta azkenekoa den honetan begiratu zenbat gai! Beste urte bat egiteko lain bai!
Indartsu hasi ginen baina azkenen, beste askotan bezala, indarra ahotik joan zaigunaren inpresioa daukat. Ez al da hala?
Badakit irakurle zaren horrek ere, inor badago behintzat, nabarituko zenuela hori. Zu entretenitu izana (inoiz izan bada ere) espero dut eta halakoetan esaten den bezala: gaizki esanak barkatu eta ondo esanak gogoan hartu!
Bide batez, eskerrak eman nahi dizkiot GoiBerriri bertan idazteko eman didan aukeragatik sekula halakoetan ibili gabea nintzen eta!
Eta amaitzeko, adio nire bikotekide izan zaren Susaeta jauna, zuk ere ondo segi eta kalean egingo dugu topo, edo seguruago tabernaren batean izango da lehenago. Plazer bat izan da!
Igor Susaeta
Iritsi da agur esateko unea, bai, gureak ez du-eta gehiagorako ematen. Beharbada, gu izan gara planteamenduetan asmatu ez dugunak; igual, tribuna hau ez da egokiena saltsa sortzeko, edo, agian, zaila da bi hilabete eta erdian behin, gutxi gorabehera, saltsa hori behar bezala loditzea, ez ditugun edo sobera dauzkagun elikagaiak zeintzuk diren jakin gabe, gainera. Arrazoi hau, bestea edo hura izanda ere, pozten naiz zurekin bi hitz egin izanaz.
Halere, bi urte hauetan ez zara konturatu ez naizela irrati-telebista-egunkari-sare sozial eta bestelako oilategietan haien iritzia plazaratzen duten horietako bat, txotxo. Baina tira, azkena denez, ausartuko naiz ni ere. Espainiako Erregea? Izan dadila Euskal Herriko errepublika sozialistako lehen Ertzaintza burua Bergarako basean. Espainiako selekzioaren gainbehera? Ba al zenekien behin Urio Velazquezek txartel gorria atera zidala Messiri burukada bat emateagatik; San Juanetan izan zen, bajada-ren hotzean, Mundo Mejor parean. Israeldar sionistak amesgaiztoetako pailazo irri maltzurdun horietako batzuk dira, eta Errusia-Ukraina aferari buruz ez naiz mintzatuko, Putin eta Mielmari Zavarovekin beraneatzen baitut Lekeition. Ondo ibili!