Alex Areizaga
Arrasti on, Boronat laudoriatu hori; Ederra da abuztua, Jon, are gehiago euritsua eta hotza bada. Eskiatzeko prakak jantzita kalera irtetea, Gabiriko Aste Nagusian polarra jantzita egotea… ederra da euriari begiratzea. Ez hain ederra, aldiz, euria ikustea. Ebola Urolako eskuin bailarara iristekotan dagoen honetan, Japoniarrak bezela ibili beharko ote dugu maskarillak jantzita? Ez omen da airearekin kutsatzen, baina berdin du: nik nahiago euriari leihoaren bestaldetik begiratu, eta begiak itxita, badaezpada, ez dezadan ikusi. Asko dira, begiak itxita begiratzen diegun gertaerak.
Horiek ez dira bihotzera iristen; ez gaituzte hunkitzen. Hondartzara etorkinak iristen dira. Batzuk txalupa baldarretan; besteak mareak ekartzen ditu, hondakiñak bailiran. Atez atekoaren eta bosgarren edukiontziaren eruditoentzako galdera: non sailkatu hondakin horiek? Baina guri berdin digu, begiak itxita jarraitzen dugulako. Gure buruak arriskuan ikusi arte; mundua ederra izango delako, abuztu euritsua bezala, eskiatzeko prakak bezala. Eta behin gure buruak arriskuan daudenean… salba dadila indartsuena. Ahulak konpostera. Zein ederra den inkonszientzia. Baina ni ez naiz arrazista, soilik, zortea izan dut, lejiaz garbitutako mundu zuri honetan jaiotzeagatik. Noizbait konturatuko gara, lejiak erre egiten duela.
Jon Plazaola
Amorrorturen oinordeko zaren hori; Leihoa; gu errealitaterik krudelenetik babesten gaituen PVC eta kristal bikoitzez egindako gailu bezela hartuta, elementu arriskutsuegia litzateke. Kanpoan, teilatuaren babespetik kanpo arriskuan dagoenak haiei begira aurkitu baigaitzake; inongo enpatia sentimendurik gabe, zurrun, haiei begira.
Kanpotik barrura egindako begirada horrek, deskubrituak izateak, barruan erre egiten duten sentimenduak, inork adierazi nahi ez dituen sentimendu baxuak azaleratzen baitizkigu. Lotsa, beldurra, gorrotoa, inpotentzia… jendearen aurrean egunero jazten dugun kareta irripartsuaren atzean, gure barnean giltzapean ondo ezkutatzen saiatzen garen «beste gu» ilun hori.
Horregatik eta horretarako, kanpotik jasotako begiradek abuztuan eguzki izpiek bezala erre ez gaitzaten asmatu genituen eta erabiltzen ditugu «leiho beltzak».
Leiho beltzetik dena begiratzen dugu, baina inork ezin gaitzake begira atzeman. Haurren gorputz zati odolduak ikusi ditzakegu, zipriztinek gu zikintzeko beldurrik gabe. Gaixotasunak lurralde txiroetan hedatzen senti ditzakegu, bertan bageunde bezala, baina maskarilarik erabiltzeko premiarik gabe. Leiho beltzaren aurrean sentimendu ilun guzti horiek azaleratzen zaizkigula senti dezakegu. baina berdin du, inork ez baikaitu ikusten.
Leiho beltza itzaltzean, ordea, kristalean gure isladarik beltzena erakusten digute, «ispilu beltz» bihurtuta.