Jabier Ugarte (Legazpi, 1952) 17 urterekin hasi zen harakin lanean. Duela sei urte Paco Mendizabalen harategia hartu zuen, Urretxun.
Zein ikasketa egin zenituen?
Gutxi ikasi nuen. Batxilergoa egin nuen eta ondoren Arrasateko (Gipuzkoa) lanbide eskolara joan nintzen. Baina urtebete bakarrik eman nuen bertan. Etxera itzuli nintzen: Brinkolako Eguzkitza Goikoa baserrira.
Berehala hasi al zinen lanean?
Urtebete eman nuen baserrian. Ondoren harakin lanean hasi nintzen, Juanito Etxeberriaren harategian. Bera izan zen nire maisua. Maisu ona izan zen, baina gure lanbidea asko aldatu da ordutik.
Nolakoa zen garai hartan harakinaren lana?
Garai hartan harakinok hiltegira joaten ginen, ganadu-hiltzaileari laguntzera. Bakoitzak bere ganadua eramaten zuen.
Lan gogorra al zen?
Ez zen gogorragoa, ezberdina baizik. Gogorra ganadu-hiltzailearentzat zen. Dena den, garai hartan harakin guztiok genekien txahalak eta arkumeak hiltzen eta larrutzen. Egun, guk ez dugu abererik hiltzen. Ezta nola hiltzen duten ikusten ere. Erakusmahaian lan egiten dugu, batik bat.
Nongo txahalen haragia saltzen duzu?
Bertako baserritarren txahalen haragia saltzen dut. Baserritarrek hiltegira eramaten dituzte eta handik niri ekartzen dizkidate.
Bestalde, garai batean baino askoz ere produktu gehiago saltzen duzue: kontserbak, ogia, babarrunak, jogurtak…
Hala da. Lehen, txahal haragia saltzen genuen batez ere. Ni hasi nintzenean, arkumea San Josetan eta pazkoan bakarrik saltzen zen. Ondoren, Gabonetan saltzen ere hasi ginen. Untxiak eta oilaskoak ere saltzen genituen, baina nire nagusia Nafarroara joaten zen oilaskoa erostera. Oilasko saltzailea ez zen egunero etortzen.
Lehen baino haragi gutxiago jaten al da?
Bai. Lehen jendeak erosketa handiagoak egiten zituen. Izan ere, egun baino arrain gutxiago jaten zen. Ez zegoen gaur egun bezain aukera zabala eta, gainera, jendeak lehen baino
gutxiago jaten du, ez gizentzeko.
Krisia nabaritu al duzue?
Jendeak kantitate txikiagoak erosten ditu. Lana ez duenak ez du dirurik eta lana duenak badaezpada ere gorde egiten du.
Jendearen ohiturak aldatu al dira?
Nire nagusiak garai batean xerrak Donostiako jatetxeetara bidaltzen zituztela esaten zidan. Hemengo jendeak lapikoan prestatzeko haragia erosten zuen, merkeena. Lantegietan erreleboetara lan egiten hasi zirenean hasi zen jendea xerrak erosten. Bestalde, lehen gibela eta muinak haurrentzat gordetzen ziren. Medikuek eurentzat onak zirela esaten zuten.
Ofizioa gustuko al duzu?
Bai. Fabrika batera joateko aukera eduki nuen, baina harategian gelditu nintzen.
Zein da zure lanbidearen alde ona?
Jende asko ezagutzeko aukera ematen du. Gainera, hemen ez dut nagusirik. Ez dut beste batek esaten didana egin behar.
Eta zer du txarra zure lanbideak?
Ordu asko sartu beharra. Baina hori autonomo guztioi gertatzen zaigu.
Harategi askotan lan egin al duzu?
Ez. Etxeberriarekin hasi nintzen eta soldadutzatik itzuli nintzenean Eroskin hasi nintzen. Ondoren, Laubide auzoko Erosleko harategia hartu nuen. Handik Urretxura etorri nintzen. Paco Mendizabalek erretiroa hartu zuen eta bere harategia hartu nuen.
Haragia gustuko al duzu?
Arraina ere bai. Jatun ona naiz. Etxetik kanpo arraina jaten dut normalean.
Ze haragi mota atsegin duzu gehien?
Gelatina duena: masailak, buztana… Bestalde, txuleta azpizuna baino gustukoagoa dut.