Nerea Elustondo
Aspaldiko! Zer giro dago Zumarraga alde horretan? Ez dakit herrian nola bizi ote duzuen, baina komunikabideetan behintzat, sortu du nahikoa burrunbada Arcelor Mittal enpresaren aldi baterako itxieraren kontuak. Lerro hauek argitaratzen direnerako aldaketarik izan ezean, badirudi enpresak martxan jarraituko duela, momentuz. Gehienok badakigu komunikabideetan zer saldu den baina, zer entzuten da kalean?
Gaur, enkargu bat egitera joan behar izan dut zuen herrira. Etxera bidean, Urdaneta Hiribidean zehar autoan gindoazela, leihoa ixtea beste aukerarik ez dut izan arnasa hartzen jarraitu ahal izateko. Ez dakit kontatzea zilegi ote den, baina ezin izan dut etsi albokoari «fabrika zikin hori itxiko balute!» esan gabe. «Bai, bizi kalitatean zenbat irabaziko genukeen…» erantzun dit berak, buruarekin baiezko keinua eginez.
Artiz Auzora iristerako ohartu gara biok esan dugunaz. «Pasatu egin gara. Gu ere, bi lagun bakarrik goaz autoan» esanaz indartu du nire kideak metro batzuk aurrerago adierazi dugun desiraren kontraesana. Badaezpada, isilik pasa gara Arcelor Mittal enpresaren aurretik.
Izan ere, hainbeste dira eskualdea hiltzeko moduak, ezta Azkarate?
Gorka Azkarate
Udaldiaren amaiera korapilatsua ari da izaten gurean, bai. Arcelor Mittal enpresa itxiko zuteneko zurrumurrua hedatu zen tximistaren abiaduran herrian, eta handik egun gutxitara, enpresak martxan jarraituko duela eman zen aditzera. Istorioak amaiera on xamarra izan duen arren, horrelako egoera eta mugimenduak ez dira sekula debaldekoak izaten, eta kaltetuak utzi ohi dituzte, ia beti ahulenak: langileak. Euren lan baldintzek okerrera joko dutela dirudi, eta ziur aski ez dute eskaintzen zaiena onartu beste erremediorik izango, denok baitakigu zein den beste aukera: itxiera. Behin enbata igarota, zalantzak hartu ohi gaitu: zenbateraino zen benetakoa enpresaren ustezko osasun txarra eta zenbateraino, langileak (gehiago) estutzeko egindako xake mugimendua?
Osasuna aipatzen hasita, eskualdean arnasten dugun airearen kalitatea aipatu behar, ezinbestean, zure hariari jarraipena emateko. Ikerketa askoren arabera, ingurune majo kutsatuan bizi gara, eta neurri batean Arcelor Mittal enpresak isurtzen duen keak dauka horren eragina. Baina ez da, noski, errudun bakarra, eskualdeko biztanleok leku guztietara kotxez joateko dugun ohiturak ere izango baitu, besteak beste, eraginik. Oreka zaila dauka kontuak. Jende askori jaten ematen baitio, aipatu enpresak… Haatik, hori ez da aitzakia, enpresak ingurumenarekin zerikusia daukaten gutxieneko neurriak bete ditzan.
Urdaneta hiribidean ez ezik inguruko beste kale batzuetan barrena igarotzean arnasten den kiratsari arreta ipinita, erraz jar dezake batek zalantzan, gutxieneko neurri horiek betetzen ote diren…