Gipuzkoaren edertasuna eta gipuzkoarren ausardia noblea goratu zituen Juan Inazio Iztueta zaldibiarrak (1767-1845). Indartsuak, izukaitzak eta zenbaterainoko «azainak» egiteko gai ziren adierazteko, ataundarrak protagonista dituen bi istorio idatzita utzi zituen, XVIII. mendeko bi apustu tarteko.
Behin zakur apustua egin zen Ataungo plazan, 1756 inguruan. Ardi-zakur handi bati esku hutsik egin zion aurre bertako mutil batek. Ataungo artzain batek txakur handi indartsu bat zeukan, «otsoak ere borrokatzen zituena», dio Iztuetak. Ardangelan txakurraren ipuinak kontatzen ari zen batean, mutil gazte batek erronka bota zion: atzapar hutsez, beste tresnarik gabe, gain hartu baietz.
Ontza bana urre eta hamarna ardi egin zuten apustu, igande arratsalderako. Desafioaren sona «Goierri guztian» zabaldu zen, eta jende asko bildu zen Ataungo plazara.
Gazteak harrizko eserleku bat eginarazi zuen plazan. Aurrez aurrekoa hasi zenean, jabeak jare egin zion txakur estimatuari. Mutila eseri zen, eskuineko belaunburua bistan eta txakurrarengana begira zuela. Txakurra belaunarekin tematu zen. «Baina, ahoa ahal zuen guztia zabaldurik, ezin ondo moldatuz ari zen bitarte labur hartan, mutilak hartu omen zizkion aho sabai biak esku banatan, eta egin zion indar bortitzaren bidez, ireki zizkion masail hezur biak arras, alde banatara», kontatzen du Iztuetak. Apustu hori bere aitak ikusi zuela gaineratzen du.
Artzainak ontza urrea eta hamar ardiak galtzeaz gain, txakur aitea ere galdu zuen.
Amilleta zezenarekin
Beste behin, Amezketako plazan San Bartolome arratsalde batean «herri-zezena» jokatzen ari zela, Artzelus etxejaun ataundarrak bota zuen erronka: ezagutzen zuela Ataunen 18 urte bete gabeko mutil bat, plazan zebilen zezen hari buruaz lurra joaraziko ziona. Esatea nahikoa. Zezenaren jabearekin biharamun arratsalderako hitzartu zuten apustua, bosna ontza urre jokoan jarrita.
Amilleta baserriko mutilak bazuen fama basa-behiak hanketatik heldu eta ardiak bezala geldiarazten zituena, «nahi zuen guztian esnea edateko». Baina mendian bizi ohi zen, eta Artzelus etxera bila joan zitzaionean ez zuen aurkitu. «Gurasoek esan omen zioten ez zela gauez etxeratzen, neguko elurte handietan baizik. Eta nola ez zuen txabolarik eta etzanleku jakinik, alferrik irtetea zela bere bila, eguna argitu artean», dio Iztuetak.
Egun sentia baino lehen irten ziren mutilaren bila aita, anaia bat eta Artzelus. «Horien oihuetara noizbaitean baso ilun batetik» agertu zenean, onartu zuen desafioa. «Mendi hartan zebilen behirik onena» erosiko ziola agindu zion Artzelusek, baldin irabazten bazuen.
Handia zen mutila. Plazara azaltzeko jantzi egokirik ez, berriak egiteko astirik ere ez, eta Lazkaon zegoen apaiz lodi baten alkandora eta prakekin abarka-mantarrak jantzita eraman zuten Amezketara.
Plazan, atera zuten zezena. «Hatol, hatol honala» esaten omen zion ataundarrak, hitz tatala zelako (‘Hator, hator honera’). «Halako batean, zezena haserreturik arrabia bizian zihoakion erasotzera, eta kolpea emateko burua makurtzearekin batera, oratu zion adar bietatik irmoki».
Lehen burukadan mutila gora altxatu zuen zezenak, baina oinak lurrean ipini bezain azkar, lepoa bihurrituta buruarekin lurra joarazi zion, alde batera eta bestera. «Ein bealiot gehio?» (‘Egin behar diot gehiago?’) galdetzen omen zuen oraindik Amilletako mutilak. Gerora, «toreatzaile onenetarikoa» izan zen, eta laurogeita gehiago urterekin hil zen.