Gorka Azkarate
Azken luma dantza iritsi zaigu, Nerea. Urteak daramatzagu Goiberri aldizkariaren txoko honetan elkarri kontu-kontari, eta irakurleek aurpegi berriak ikusi eta aurpegi berri horiek idatzitako testu arnasberrituak irakurtzeko ordua iritsi da. Gauza guztiek daukate hasiera eta amaiera, eta guk agur (edo agian geroarte) esateko garaia ere ailegatu da. Plazera izan da zutabe bipolar honetan zurekin batera eskualdeko gaiak jorratzea. Zuretzat ere berdin izango zela espero dut.
Hiruzpalau parrafo idazte hutsarekin egunerokoan bizi ditugun eta kezkatzen gaituzten gauzei konponbidea topatzea ezinezkoa da, baina gure komentario, kritika, iradokizun, salaketa eta abarrek arazoak edo gertakariak identifikatu eta garrantzia emateko balioko zutelakoan nago. Azken finean hori da zutabegileon lana, iritzi korronteak sorraraztea arrazonamendu sakona erabiliz. Gure hitzek inor mindu badute, barkamena eskatu behar, derrigor. Eta gure gogoetak irakurriz, tarteka bada ere gustura sentitu bazara, irakurle, bejondeizula! Goiberriko leiho hau gaurkoarekin itxiko da guretzat, baina irekiko dira leiho berriak. Besarkada bat eta ondo segi, Nerea!
Nerea Elustondo
Hauxe da despedideaa, Hauxe da despedideaaa… kopla zaharrak kontrakoa baldin badio ere, ezin esango dugu gure despedida tristea denik, Gorka. Dozena erdi bat zutabe idazteko Goiberrik egin zigun proposamena onartu eta dozena eta erdi idatzi ditugu azkenean! Denok eskertuko dugu oxigeno pixka bat.
Egia esan, formatu honetan aritzen nintzen lehenengo aldia izan da niretzat. Errimarik eta doinurik gabe, aritu gabea nintzen zurekin ofiziotan! Elkar gutxiegitan ikusten dugun garaiotan, bi hilabetean behin, elkarri kuku bat egiteko aitzakia polita eskaini digu Goiberrik, bai jauna!
Gure lanari buruz, zer esan… Zuri, dotore geratu zaizu esaldia: “iritzi korronteak sorraraztea arrazonamendu sakona erabiliz”. Ilustratuagoak bagina akaso bai, baina 2014ean, 1000 karakteretan, zuk eta biok… Bakarren bat entretenitzea lortu badugu, konforme! Atal honen izenburuari ohore eginez, bat eta bat izan gara. Batzuetan bat eta beste batzuetan bi baina beti bat eta bat. Halaxe baikara denok. Bat eta bakarrak. Denok beharrezko eta inor ez ezinbesteko!
Izango dugu elkarren berri. Ondo bizi!