Herri txikiek aspaldidanik bere berea duten ostatua badu Aramak ere. Egunerokotik ihes egin eta atsedenerako tartetxoa hartzeko txokoa, ezagunekin elkartzeko edo kontutan galtzeko modukoa.
Betikoari ukitu berezia eman dio Anne Otegik Aramako Toki Alai ostatuari; sei urte daramatza dagoeneko bertan. Egiten duten horretan sinesten duten eta eguneroko lanaz gozatzen duen lantaldea da. Gertukoa eta xumea da zerbitzua; «naturala» ere bai Otegiren arabera, bai janaria eta baita bertakoen izaera ere.
Otegi arduratzen da sukaldeaz eta Haritz Urretabizkaia tabernaz. Kolaboratzaile finak dituzte, eta lantaldea ere gero eta gehiago handitzen ari da.
«Ez diogu behar besteko arreta jartzen elikadurari,
gehiago arduratu beharko ginateke»
Anne Otegi (Ostatuko kudeatzailea)
Jatetxeaz harago, elikadura ikastaroak ematen aritzen da Anne Otegi. Orokorrean, jakiak prestatzeari ez zaiola behar besteko garrantzia ematen uste du berak. «Harritu egiten naute ikusten ditudan gauza askok. Barazkiak eta fruta jatearena, esate baterako, ez dugu betetzen. Haurrek jatea nahi dugu, baina ereduarekin erakutsi behar diegu. Guk jaten ez baditugu, beraiek ere ez». Azaroan zehar, larunbat goizero egingo ditu ikastaroak; errezeta osasungarriak, merkeak eta errazak erakutsiko ditu.
Produktuen kalitatea oinarrizko dute Aramako ostatuan. Bertan ekoiztua izan dadila ahalegintzen dira, gertukoa, ahal bada ekologikoa. «Guk lehengai xumeak erabiltzen ditugu eta horiekin menu landuak prestatu. Hala, gehiegi gastatu gabe otordu goxoa egin daiteke gure jatetxean», dio Otegik.