Beasaingo Loinatz abesbatzak 75 urte darama kantuan. 1939ko abenduaren 8an, Pedro Jose Iguainen zuzendaritzapean egin zuen lehenengo kontzertua, Coral Loinaz izenarekin. Ospakizunetan dira beasaindarrak.
75 urte dira Beasaingo Loinaz koralak lehenengo kontzertua egin zuela Andre Maria Zeruratuaren Parrokian. Urteurrena ospatzeko, abenduaren 20an, Loinatz abesbatzak kontzertua egingo du San Martin elizan.
Duela 75 urte, Pedro Jose Iguainen zuzendaritzapean aritu ziren kantuan, Coral Loinaz izenarekin. Elizako organo jolea eta udal musika bandako zuzendaria zen Iguain eta 1950era arte izan zuen abesbatzaren ardura, «familia guztia Argentinara joan zen arte», argitu du Josetxo Zufiaurrek. Javier Garcia Basoco, Rafael Briz eta Migel Irizar izan ziren hurrengo zuzendariak. «Koralak 75 urte betetzen ditu baina 67 urte darama abesten. Izan ere, 1971n hil zen Migel Irizar, eta han bukatu zen korala», zehaztu du Zufiaurrek.
1946. urtera arte, gizonezkoek bakarrik osatzen zuten Loinaz Korala. Ahots txuriak La Salleko tipleek egiten zituzten. Josetxo Zufiaurre bera, 11 urte zituela sartu zen koruan, 1945ean. «1947ra arte aritu nintzen, kanpora joan nintzen eta ikastera. Soldadutza bukatutakoan berriz sartu nintzen, 1971ra arte».
Zufiaurrek ondo gogoan du, Urretxun egin zuten ikuskizuna. «Guridiren Eusko Irudiak ikuskizuna egiten genuen, korua, banda eta dantzariak batera. Errotako kamionetan eraman gintuzten Urretxura tipleak. Koralistak trenean joan ziren. Arrakasta handia izan zuen».
Ospe handia izan du beti Beasaingo abesbatzak eta Pablo Sorozabal musikari handiak ere ezagutzen zuen Loinaz korala.
Ospe handia beti
«Antonio Massana jesuita musikariak oso obra zail bat egin zuen eta inongo korurik ez zen ausartzen estrenatzera. Sorozabalek ezagutzen zuen Loinatz abesbatza eta Irizar zuzendariarekin hitz egin zuen». Beasaindarrek erronkari heldu eta Loinaz koralak estrenatu zuen Ignis Flagrams Charitatis obra. «Mundu mailan Usurbe Zinean estrenatu zen, 1962an izan zen».
1964. urtea ere urte garrantzitsua izan zen Loinaz koralarentzat. Columbia disketxeak, Sorozabelen 20 euskal kantaz osatutako bost single ateratzeko asmoa zeukan. Sorozabalek baldintza bat jarri zuen Zufiaurrek gogoratu duenez: «Loinaz koralak abestea. Beasaingo San Martin baselizan grabatu zuten, akustika onena zuelako. Loinaz koralak 25 urte betetzen zituen orduan». Diskoak izugarrizko arrakasta izan zuen.
Koraletik abesbatzara
Migel Irizarren heriotzarekin batera, 1971n Loinaz koralaren amaiera etorri zela esan daiteke. Dena den, Beasainen musika zaletasunak bizirik iraun zuen, eta 1986an, Xabier Sarasolak Beasaingo abesbatza berpiztu zuen Loinaz koraleko hainbat abeslarirekin eta Musika Eskolako hainbat ikaslerekin. Abesbatzaren izena euskaraz jarri zuten ziklo berrian: Loinatz Abesbatza.
Belen Callejo garai hartan sartu zen abesbatzan, 14 urte zituela. Gaur egun ere, kantuan jarraitzen du beasaindarrak. «Hasieran, asteartetan gizonek bakarrik entseatzen zuten; asteazkenetan, neskek, eta ostiral eta larunbat arratsaldeetan denak batera. Gaur egun, astean behin bakarrik entseatzen dugu. Elkartean hasi ginen entseatzen; gero udalak lokala utzi zigun eta ordutik bertan aritzen gara», dio Callejok.
Gaur egun 35 kidek osatzen dute Loinatz abesbatza. Irati Otamendi Migel Irizarren biloba da horietako bat. Belaunaldi desberdinen topagunea izan da beti Loinatz abesbatza. «20 urtetik 80 urte bitarteko beasaindarrak gabiltza. Oso aberatsa da belaunaldi desberdineko herritarrak elkarrekin aritzea. Loinatz abesbatzak horretarako aukera ematen du», dio Otamendik.
Urte horietan guztietan kontzertu ugari egin ditu Loinatz abesbatzak, herrian zein atzerrian. Gaur egun, Junkal Guerreroren zuzendaritzapean, elkarlanari esker, beste abesbatza batzuekin (Eskifaiarekin eta Landabasorekin, adibidez) proiektu desberdinak gauzatzen ari dira. «Elkartuta proiektu handiagoak lortzen dira: adibidez, Donostiako musika hamabostaldian parte hartzen dugu».
Beste herrialde batzuetako abesbatzak Beasaina ekartzea ere bada abesbatzaren helburua. «Urtero saiatzen gara Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketako taldeak Beasaina ekartzen. Aurten Esloveniakoak etorri dira. Urtarrilean, berriz, AEBko Wisconsineko talde bat etorriko da Beasaina».
Urteurreneko kontzertua
Loinatz abesbatzak berak ere, urtean, hiru kontzertu egiten ditu herrian. Baina gabonetako kontzertua berezia izango da aurten: 75. urteurreneko kontzertua. Abenduaren 20ean, 19:00etan, lehengo, gaur egungo eta etorkizuneko (Narama abesbatza gaztea) kantariak elkartuko dira Loinazko San Martin baselizan.
Datorren urteko Loinatz festetako kontzertua ere berezia izango da Otamendik eta Callejok aurreratu dutenez: «Festetan zerbait alaiagoa egiten saiatzen gara eta datorren urtean pop musika pixka bat egingo dugu Sorotoan Bele taldeko Mikel Errazkinen lau kantarekin. Josu Elberdinek, Javi Bustok, Junkal Guerrerok eta Eva Ugaldek abesbatzentzako moldatu dituzte eta guk estrenatuko ditugu».
Kronologia
Loinatz abesbatzaren historiako hainbat data esanguratsu daude zerrendatuta hurrengo lerroetan:
- 1939. Parrokiako koruko eta herriko beste kantuzale batzuk elkartu ziren. Pedro Jose Iguain izan zen zuzendaria, 1950era arte.
- 1946. Emakumezkoak sartu ziren abesbatzan.
- 1948. Gipuzkoako I. Abesbatza lehiaketan 1. saria irabazi zuten.
- 1951. Javier Garcia Basoco izendatu zuten zuzendari.
- 1956. Rafaek Brizek hartu zuen zuzendaritza kargua.
- 1959. Migel Irizarrek hartu zuen abesbatzaren ardura, 1971ra arte.
- 1964. Sorozabal. 20 euskal kantu diskoa grabatu zuten.
- 1986. Loinatz Abesbatza izenarekin ibilbide berria hasi zuen Xabier Sarasolaren zuzendaritzapean.
- 1990. Concurso Avilésen 3. saria.
- 1992. Ejea de los Caballerosen 2 sari.
- 1995. Cd-aren grabazioa.
- 1999. Ejea de los Caballerosen 1. saria.
- 2003. Noveldako musika erlijioso lehiaketan 2. saria.
- 2007. Burgosko Antonio Jose lehiaketan 1. saria.
- 2012. Junkal Guerrero izendatu zuten zuzendari.