Mikel Alvarez
Gabonak gainean ditugu eta zertarako gezurretan hasi, gu ere kontsumismoaren zurrunbiloan murgiltzen gara. Ez dut gehiegi atsegin shoping delakoa edo bizitza puta guztian esan dugun moduan, erosketak egitea. Hori dela eta, garai hauetan merkatal zentro erraldoi horietako batera joaten gara egin beharreko guztia kolpe bakarrean egiteko. Aurten Gasteizera joateko erabakia hartu genuen, eta egia esan, gustura itzuli ginen autoko maletategian ekarri genuenarekin. Han ikusi genuenak, ordea, beste aho zapore bat utzi zidan. Herrietatik joaten garenak egun bat markatzen dugu egutegian eta egun hartako eguraldi bikaina ez zen plana bertan behera uzteko arrazoi nahikoa izan. Hala ere, asko harritu ninduen bertan ikusi genuen jende gehienak bertakoa izatearen itxura izateak eta, are gehiago, ez zirudiela erosketak egitera joan zirenik. Egun pasa zebiltzan han, alde batetik bestera. Gaztetxo kuadrillak batzuk eta haur txikidun familiak besteak… Benetan, ez al dute plan hobeagorik larunbat arratsalde eguzkitsu baterako. Gu ahal bezain azkar alde egin nahian eta besteak aldiz, atarian hizketan auzoko atarian egongo balira moduan. Kevin Smithen Mallrats film bikaina datorkit burura une honetan, eta hemen ere halako jendea ote dugun galdetzen diot nire buruari. Eta garrantzitsuagoa dena, jendeak hori baino plan hobeagorik ez izateko gaizki zer egin ote dugun gizarte moduan.
Jon Artola
Abiada bizian aldatzen direla gauzak Mikel! Nik ere gogoan dut oraindik nola gaztetan, ez nuen ulertzen Estatu Batuetatik zetozkigun serie eta filmetan zioten «Merkatalgunera noa arratsaldea pasatzera!» hura. «Arratsalde guztia Eroskin sartuta? Barazki, haragi eta poteko janari artean?» pentsatzen nuen, «A ze aspergarria!». Geroago iritsiko zitzaizkigun, ordea, zineak, tabernak eta abar zituzten estatu batuar erako gune komertzial handiak, eta pelikuletako esaldi hark erabateko zentzua hartuko zuen.
Baina gizarte bezala ditugun akatsei begiratu beharrean Mikel, gune horiek ondo egin dituzten kontuak azpimarratuko nituzke nik gehienbat. Izan ere, gako batzuetan erabat asmatu dutelakoan nago. Adibidez, hiriguneetatik kanpo dauden ezleku-kutxa itxi-neutro horiek, berdin-berdin irensten dituzte beraien baitan irlandar tabernak, sofadun kafetegiak, ume-jolas parkeak edo kirol dendak, guztiok aurkitu dezagun erakargarri suertatuko zaigun guneren bat. Eta noski, argi naturalik gabe. Hots, denboraren joanaren zentzurik gabe. Espaziotik eta denboratik at hortaz. Errealitatearen zikintasunetik at, amets edo pelikula batean bezala. Eta finean, gure dirua ere benetakoa ez balitz bezala gastatzea gustatuko litzaieke hauei, baina noski, hori gehiago kostatuko zaielakoan nago.