Durangori lekukoa hartu eta liburu eta disko azokak egingo dituzte asteburu honetan Goierriko hainbat txokotan. Irakurleei literatura Euskal literatura eta musikagintzarako zaletasuna sustatzeko asmoz, liburuak eta diskoak kalera ateratzeko apustua egin zuten orain dela mende laurden Goierriko hainbat txokotan. Gaur egun Euskal Herrian erreferente bihurtu den Durangoko Azokaren biharamunean bost dira azoka egiten duten herriak bailaran: Lazkao, Beasain, Ordizia, Ataun eta Segura. Literatur ekitaldiak, deskontuak, zozketak… guztien artean sendotu dute euskal kulturaren goierritar topaketa.
Urteurren berezia izango du aurtengoa Beasaingo disko eta liburu azokak; 25 urte bete baitira AEK azoka antolatzen hasi zenetik. Hainbeste urteren ondoren, hogeitabosgarrenez mahaiak eta liburuak prestatu eta azoka egitea bera izango dute urteurren oparirik politena. Ibilbide luzearen ondoren, gorabeherak tarteko, azokari ekiteko gogoz daude Jaione Barandiaran eta Karmele Santoyo.
AEK-ko ikasleak euskal literaturara gerturatzeko asmoarekin ekin zioten azokari Beasainen. Euskaltegian egiten zuten irakurle kanpaina herritar guztiei zabaltzea zuten asmoa. Kale Nagusiko lokaletan egiten bazen hasieran, geroago kalerako saltoa eman zuten. Hainbat urteren ondoren, herriko kultur eragile ugariren arteko elkarlanarekin antolatzen da azoka. Orduko hartan AEK-k Ordizian ere antolatu zuen azoka. Hainbat urtetako etenaren ondoren, berriro berreskuratu zuten han ere.
«Zuzenean ekartzen genuen materiala argitaletxeetatik; aurrera eta atzera ibiltzen ginen azoka egunetan», gogoratzen du Santoyok. Hasiera haietan, gainera, hamabost egunez jarraian egiten zuten azoka izaten zen Beasaingoa. Geroago, zuzenean beharrean, liburu-denden bidez hasi ziren materiala ekartzen, argitaletxeek hala behartuta.
Sortzaileek sor dezaten
1989an atera zuten lehenbizikoz mahaia kalera Lazkaon; 26. azoka izango dute aurten. Dionisio Amundarainen burutazioa izan zela kontatzen du Goretti Larrañagak. Sortzaileak eta irakurleak elkartzeko topagunea izatea nahi zuten hasieratik Gerriko Elkartekoek. Jendea azokara gerturatzea da duten erronka nagusienetako bat. «Pastak, kafea, kandelak… formatua aldatu eta berrikuntzekin esperimentatuz jendea erakartzeko formularik onenaren bila aritu gara urtez urte», dio Joxepa Madariagak. Patxi Zubizarreta nahiz Auxtin Zamorarekin hasi eta punta-puntako idazleak ekarri izan dituzte Lazkaora; hala ere, «badirudi abenduko hotzarekin eta azokaren bueltan jendea ez dela idazleak entzutera gehiegi animatzen», dio Madariagak. Horregatik, urtean zehar egiten duten Liluraturarako utzi dute, adibidez, idazleen solasaldia. Tonbola, zozketak… Beasainen bezala, herriko eragile ugari bildu dituzten Lazkaoko azokaren bueltan ere.
Durango Azokak idazleen eta musikarien artean sortzen duen mugimendua aprobetxatzearekin batera, Eguberrietarako oparien garaia delako ere egokia dute data hau Goierriko liburu azokek. Bakoitzak berearekin jarraitzeko asmoa dute; nahiz eta elkarlanean aritu, elkarren osagarri izan.
Lan mardula eskatzen die azokak antolatzaileei baina «egin beharrekoa» dela ikusten dute. «Irakurleak zain daude eta sortzaileek sor dezaten ere egin behar dugu guk lan».