Arropa bilketa egiten ari dira Goierriko hainbat herritan. Bilduko duten guztia Ordizian batu eta Martuteneko presondegira eramango dute. Goierritarrek «elkartasun itzela» erakusten dutela esan du Javier Ezeiza antolatzaileak.
Orain hamar urte hasi zen Javier Ezeiza ordiziarra, astero, Martuteneko kartzelara bisitak egiten. Garai hartan, gizartearen maila guztiak aintzat hartuta, azkeneko tokian presoak zeudela iruditu zitzaion: «Egun, beharbada, kalean dagoen hainbat eta hainbat pertsona okerrago dago». Ezeizak Ordiziako artzapez-barrutitik, Goierriko beste herri askotako kiderekin batera eta Caritasen lankidetzarekin, arropa eta beste zera batzuen bilketa antolatu du azken urteotan. Bilketa egunotan egiten ari dira eta bildutakoa Martutenera eramango dute ondoren. Ezeizaren hitzetan, «goierritarrek elkartasun handia erakusten dute».
Barruko arropak, bainurako oinetakoak zein kirola egitekoak, galtzerdiak, azazkalak moztekoak, artilezko txanoak, tabakoa eta metxeroak, turroi biguna, gutun-azalak eta zigiluak biltzen ari dira, besteak beste. Datozen asteazkenean eta ostegunean bildutako guztia batuko dute Ordizian, eta Martuteneko espetxera eramango dute.
Galderarik ez
Kartzelako pastoralaren kide den heinean, bilketan parte hartzeaz gain, bisita egiten die Ezeizak astero presoei. Igandero joaten da orain dela hamar urtetik. «Nire lan aroa oso bizia izan zen eta asko jaso nuen. Erretiroa hartu nuenean gizarteari emandakoa nolabait itzuli behar niola pentsatu nuen eta kartzelaren esparruan hasi nintzen».
Martutenera iritsi, eta meza entzuten du presoekin, «asko eta asko doaz mezara». Gero, haietako askorekin egoten da. «Hitz egiteko premia» dutela dio, «gizartearen eta presoaren arteko zubi lana egiten dugu, presoaren eta, egoerak hala aginduz gero, familiaren artean ere bai. Kanpoan izapideak bete behar badituzte, horretan ere laguntzen diegu». Dena dela, «presoek gehien estimatzen dutena da norbaitekin hitz egiteko aukera izatea».
«Presoak zu eta ni bezalako pertsonak dira,
akats bat egin zuten eta ari dira ordaintzen»«Erretiroa hartu nuenean gizarteari emandakoa
itzuli behar niola pentsatu nuen»
Javier Ezeiza (Kartzelako pastorala)
Martutenera joan zen lehen aldia gogoan du, eta hango apaizaren ahotik jaso zuen lehenengo aholkua, gaur arte erabili duena: «Ez galdetu inoiz zergatik daude hemen». Ezeizaren hitzetan, «denborarekin gero eta konfiantza gehiago dute zugan eta gauza asko kontatzen dizkizute, beti ere, bakoitzaren izaeraren arabera».
Martuteneko kartzelako azpiegiturei dagokienez «zaharkituta» dagoela dio, «hala ere, ez da espetxe modularra eta mezatik ateratzean, espazioaren antolaketa horrek preso guztiekin egoteko aukera baliatzen dit».
Presoei buruzko aurreiritzi bat baino gehiago hautsi zaio urte hauetako guztietako jardunean: «Ñabardurak ñabardura, zu edo ni bezalako pertsonak dira. Akats bat egin zuten eta ordaintzen ari dira». Badago, baita ere, jaio diren familiaren ezaugarriak direla eta, «hasieratik oso-oso bizitza zaila izan duen jendea».
Egun, Martuteneko kartzelan 300 bat preso daude, horietatik %12 inguru emakumeak dira. Batzuk atzerritarrak dira eta ez dute inolako sare sozialik kanpoan; hizkuntzarekin ere zailtasunak dituzte. Ezeizak dioenez, «denetarik dago, delitu gogorrak egin dituztenak ere badaude, baina pertsonak dira denak».
Denbora pasa ahala eta bisitan astero joaten dela ikusita, «asko eskertzen dute zure boluntario lana, konturatzen dira musu truk zoazela eta konfiantza hartzen dizute. Jakina, han entzuten duzun guztia sekretua da». Asko jota ordu erdiko bisitak egin ditzake.
Gazte jendeak bisitari lanak egiten dituen galdetuta, elizarekin lotuta ez dauden erakundeak ere aritzen direla dio: «Guk adin bat daukagu jada eta etorkizunean gure lekukoa hartuko duenik egongo dela espero dut. Gazte jendea ez dago elizarekin hain lotuta, ez dira behintzat elizara joaten. Aitzitik, beste bide batzuk ere badaude, beste erakunde batzuk, alegia». Kartzelatan gisa horretako boluntario lanaren beharra beti egongo dela azpimarratu du Ezeizak.
Goierritarren elkartasunaren isla izango da egunotan bilduko duten material guztia. Gipuzkoako biltegi orokorrera batu duten guztia eramaten dutenean, «hara zenbat bildu duzuen» esaten dietela dio Ezeizak, «beste hainbat bilketa egin dira, Elikagai Bankuarena, adibidez. Eta, hala eta guztiz ere, elkartasunak ez dauka etenik».
Bilketak ugaritu egiten dira Gabonak ate-joka daudenean. Ez dira egun errazak izango Martuteneko presoentzat, «egun politak dira guretzat, baina bakar bakarrik eta preso dagoenarentzat are gogorragoak dira egun hauek».