Enpresa bazkari asko egiten dira gaurko egunez. Bazkaritik irtenda, Beasainen egiten dute parranda askok.
Indarra hartzen ari den ohitura da urte amaierako enpresa bazkariena. Eguberri aurreko azken ostirala izan ohi da enpresa gehienek aukeratzen duten eguna: gaurkoa, alegia.
Ahal dutenek poteo txiki bat egiten dute bazkal aurretik, eta bixi-bixi, bazkaltzera. Bazkari ederrak izan ohi dira, gainera, egun horretakoak, prezioari gehiegi begiratzen ez zaien horietakoa.
Handik atera eta askok Beasain aukeratzen dute parrandarako. Ohitura ere bihurtu dela esan liteke enpresa bazkarien egun seinalatu horretan.
Beasainen jendetza izaten da egun horretan, tabernak lepo betez. Taberna horietako batzuen jabe da Karlos Garcia, eta bere esanetan, «Beasaingo festetako bi larunbatetan adina jende ibiltzen da gaurkoan: urteko egunik onenetakoa da tabernarientzat. Taberna askok jende gehiago ere hartzen dugu lanerako».
Pertsona bakoitzak «bazkaritan 30-40 euroren bueltan eta parrandan ere mordoa» gastatzen duela dio berak: «Neurrigabekeria nagusitzen da denean. Desfase handia egoten da», dio barrez.
Eta handik aurrerakoan, algara, buila, dantza eta zorakeriarik ez da falta izaten tabernetan.
Afaria ez da derrigorrezko otordua egun horretan eta handik aurrera luza daitekeena ere, norberaren nahien araberakoa.
Etxera buelta, taxiz
Plazido Mikelarena taxi gidariak ere nabaritzen du egun horren berezitasuna. «Jendea asteburuetan bezala ibiltzen da taxiz, baina bidaia luzeagoak egiten dira agian: CAFen eta enpresetan lan egiten duten asko urruti bizi da eta trenak bukatutakoan hartzen dute».
Ohikoan baino jende helduagoa ere ibiltzen dela dio: «Ezkondutako jendea eta, batzuk lehenxeago erretiratzen dira, baina ordu txikiak arte gelditzen denik ere badago».
«Hizketarako gogoz» joaten omen dira asko, eta bera «gustura» joaten omen da kontu batzuk entzunez.
GOMENDIOAK
Egun horretarako hainbat gomendio ematen dituzte adituek; eman arren, seguraski , inork beteko ez dituenak. Hemen batzuk, barre egiteko bada ere.
- Ez zaitez mozkortu. Nahikoa lan izango da hori betetzen, hainbeste edanda.
- Ez moztu inoren diskurtsoa. Ezta txistuka hasi edo barre algararik egin ere. Hitz egiten ari den horren «urteko diskurtsoa» da.
- Ez dantzatu. Ez behintzat kaleratu zaitzakeen edo zure aginteak jasotzen dituztenen aurrean. Sinesgarritasuna galduko duzu. Probatu ispiluaren aurrean lehenago, eta ikusiko duzu zergatik.
- Ez dantzatu konga. Hurrengo egunean zure lankideen ipurdiaz gogoratu nahi duzu ala?
- Ez saiatu ligatzen. Ustez ezkutuan zaudetelakoan lankide batek esku-sartzen harrapa zaitzan nahi al duzu?
- Argazkiak saihestu. Gogoratu: begiak gorri-gorri dituzu eta auskalo nori kendutako txapel hori zelebre gelditzen zaizu.
- Goiz etxeratu. Oraindik ondo ahoskatzen duzunean eta alkandora atera gabe duzun artean, ahal bada.