Abesbatza ia guztietan arazoak dituzte abeslari gazteak lortzeko, baina Beasaingo Loinatz abesbatzak argi izpi bat ikusi du Narama gazteen koruaren sorrerarekin. 27 lagunek osatzen dute eta, ondo bidean, batzuek nagusien abesbatzara saltoa eman beharko lukete.
Narama duela bizpahiru urte sortu zen, musika eskolaren eskutik. «Musika eskolan beti izan dugu abesbatza. Izan ere, 11-12 urteko ikasle guztiek koruan abesten dute. Talde polita sortu zen eta zaharrenekin abesbatza sortzea erabaki genuen», azaldu du Xabier Sarasola zuzendariak.
Narama 14 eta 17 urte bitarteko 27 gaztetxok osatzen dute. «Gazte gehienek Batxilergoa hasten dutenean musika eskola uzten dute eta Narama musika munduarekin harremanetan jarraitzeko aukera polita da».
Urtean zehar hamar bat emanaldi eskaintzen dituzte. Aurten Urretxun eta Hernanin abestu dute, besteak beste, eta datorren urtean Atarrabiara (Nafarroa) joango dira. Gainera, urtean behin asteburu bat elkarrekin pasatzen dute.
Errepertorioari dagokionez, abesbatzen kanta tradizionalez gain, eurentzat moldatutako abestiak kantatzen dituzte. Ken7 eta Itoizenak, adibidez.
Abesbatzak etorkizun polita duela uste du Sarasolak. «Zaila izaten da soka ez etetea, baina atzean 40 laguneko taldea dugu eta horietako batzuk Naramara pasatzea espero dugu». Naramaren beste helburuetako bat Loinatz abesbatzarako abeslariak lortzea da. «Ez da erraza. Izan ere, gazteen eta helduen ordutegiak oso ezberdinak dira. Loinatz abesbatzak ostiral gauetan entseatzen du eta gazte askok kirola egiten dute larunbat goizean. Talde lana ez da batere erraza», aitortu du.