Astelehenean hasi behar zuen Espainiako Auzitegi Nazionalean ezker abertzaleko 35 kideren aurkako epaiketak. Abokatuen atxiloketekin, ordea, bertan behera gelditu zen. Hilaren 29an hasiko da berriz.
Berriro ere zain egotea tokatu zaie. Asteak, hilabeteak, urteak… zeramatzaten epaiketa iristeko esperoan; eta data berri baten zain gelditu dira orain. Joan zen igandean bidaiatu zuten Madrilera 04/08 sumarioan auzipetuta dauden bost goierritarrek gainontzeko 31 kideekin batera; astelehenean itzuli ziren etxera defentsarik gabe gelditu ondoren. Auzipetuen hiru abokatu, Amaia Izko, Haizea Ziluaga eta Eukene Jauregi, atxilotu zituen Guardia Zilbilak asteleheneko operazioan, epaiketa hasi baino hiru ordu lehenago.
«Gero eta argiago ikusten da gatazkari lehengo parametrotan eutsi nahi dion zaharkitutako estatu baten jarrera ziklo hori gainditu eta beste ibilbide bat egin nahi duen herri baten aurrean». Hala zioten auzipetuek Goiberri aldizkariak epaiketara joan bezperetan egindako elkarrizketan. «Jardun politikoagatik kriminalizatuak» izan diren kideen epaiketarekin hasi behar zuen egunak eta «presoen elkartasunean eta haien eskubideen alde lan egiten dutenen aurkako erasoa» gehitu zitzaion horri. Egoitza Apaolaza auzipetuak hala salatu zuen Seguran Madrildik bueltan: «Argi geratu da zein den Espainiaren aportazioa. Ahal den modurik zabalenean aurrera jarraitu behar dugu».
Auzitegi Nazionalean Concepcion Espejel epailea buru duen aretoan konfiantzazko abokatuen defentsa nahi zutela adierazi behar izan zuten auzipetuek, ondorioz, atxilotuekin zer gertatzen den ikusi bitartean bertan behera gelditu zen epaiketa.
Politikoa eta publikoa
Bost dira 2005 eta 2007 urteen artean euren jardun politikoagatik Madrilen 04/08 sumarioan epaituko dituzten goierritarrak: Eusebio Lasa, Karmele Aierbe, Asier Imaz, Egoitz Apaolaza eta Peio Galvez. Batera, EHAK eta ANVren aurkako epaiketan ETAko kide izatea egozten diete; eta bakoitzarentzat 10 urteko kartzela zigorra eskatzen du fiskalak.
Norbere bizitza pertsonala hankaz gora jartzen du gisako auzi batean sartuta izateak, baina, argi dute akusatuen aulkian eseriko dutena Euskal Herria bera dela. Izan ere, epaiketaren gaineko irakurketa «guztiz politikoa» egiten dute goierritarrek.
«Hau ez da auzi pertsonal bat, politikoa da, Euskal Herriaren aurka egindako beste eraso bat», zioen Karmele Aierbek elkarrizketan. Ilegalizazioen garaian ezker abertzalea berregituratzea da egozten dietena: «Gaur bizi dugun egoeraren oinarriak jarri genituen garai hartan, gaur egun bizi dugun egoera politikoa irekitzen hastea da ordainarazi nahi diguna estatuak», zioen.
«Urte horietan ilegalizazioa politikoki gainditu genuen, ez zaie gustatu»
Peio Galvez (Auzipetua)«Absoluzioarekin denok irabaziko dugu, guk gatazkarik gabeko gero nahi dugu»
Karmele Aierbe (Auzipetua)
Peio Galvezek ildo beretik gaineratu zuen urte horietan egindako lanarekin «ilegalizazioa politikoki gainditu» egin zutela; «ondorioa izan da, Estatuak nahi izan ez arren, Sortu legeztatu egin behar izatea».
Politikoa eta publikoa izan zen auzipetuen jarduna. Bilerak egitea, iritzi artikuluak idaztea, legalizatuta zeuden elkarretaratzeetan parte hartzea… horiek dira 35 kideri egozten dieten «delituak». «Inolako oinarri gabeko akusazioak dira, baina indarrean dauden salbuespeneko araudiek bermea ematen diete» Asier Imazen arabera.
Espainiak hartutako bidearen nondik norakoa argia da bost goierritarrentzat. Ezker abertzaleko kideen jardun politikoa kriminalizatzen dutela diote, ondoren epaitu ahal izateko. «Ez balego kriminalizaziorik ez legoke epaiketarik. Kriminalizatu gabe aintzat hartu beharko lukete Euskal Herria. Oinarrian ukazioa dago, beraz kriminalizatu egiten gaituzte eta geroa hipotekatu berriro eraiki ez dezagun. Estatua molestatu dugu, munduaren aurrean esan baitugu zer garen eta zer egiten ari garen», zioen Aierbek.
Edozein herritarrek egiten duen galdera bera dute buruan beraiek ere: «Nola liteke oztopoak jartzea konponbidearen nahiari? Ezker abertzalea konponbiderako eskaintza mahai gainean jartzen etengabe» aritu dela argitu zuen ataundarrak. Bere hitzetan aurrekariak 2004tik topa daitezke, Anoetan (Donostia) ezker abertzaleak ilegalizazio garaian egin zuen eskaintza izan zen abiapuntua. Handik aurrera etorri ziren su-etena, elkarrizketak, eskaintzak. «Garai benetan oparoa izan zen, baina Estatuak ez du onartzen», zioen. Porrot egin zuten elkarrizketek, hilabete askotako lanak. Ezker abertzaleko kideen ustez Estatuak ez zuen konponbidea nahi izan; «hor erakusten du bere ezintasuna», diote. «Eskaintzaren aurrean zigor errepresiboa dator. Horren isla garbia da politika egiteagatik epaitua izatea, hori estatuaren ezintasunaren eta porrotaren erakusgarri da», gaineratu zuen Eusebio Lasak.
Horregatik guztiagatik «defentsa politikoa» egitera joango dira Madrilera eta absoluzioa baino ez dute ikusten zentzuzko amaiera gisa. «Denok irabaziko dugu absoluzioarekin, Euskal Herriak irabaziko du. Gatazka eta bere ondorioak gaindituz, etorkizuna eraiki nahi dugulako», zioten. Eskubide zibil eta politikoak errespetatzea beharrezkoa da Imazen ustez. Konponbiderantz Euskal Herriak bere bidea egiten jarraitu behar duela diote, «ilusioz, gogoz eta indarrez».
Epaiketaren data berria ezagutzeko zain dauden artean esperantza da denak libre izatea: «Herri honetan lana dagoelako, lan politikoa egiten jarraitu behar dugulako. Eskubidea dugulako. Irabazteko itxaropenarekin goaz, argi eta garbi».