Ander Alonsok (Mutiloa, 1995) Balearretako Mallorcako Challengean parte hartu zuen joan zen asteburuan, profesional mailako txirrindulariekin. Mutiloarra Espainiako pista selekzioarekin aritu zen. Gainera, martxoaren 21ean Euskadiko Lau Orduetan parte hartuko du.
Nolatan txirrindulari?
Ormaiztegin jaio nintzen eta umetatik Izagirre anaiak bizikleta gainean ikusi nituen. Ni ere animatu egin nintzen.
Aholkurik ematen al zizuten?
Lasai hartzeko eta gozatzeko esan didate beti. Nahiz eta kirol gogorra den, pausoak emanez, gauza politak egin daitezkeela.
Ze ibilbide osatu duzu?
Benjamin mailako bigarren urtean hasi nintzen eta bi garaipen pozgarrienak pistan irabazi ditut. Espainiako txapelketa irabazi nuen banakako jazarpen proban eta madison proban. Bi proba hauek dira gehien atsegin ditudanak.
Goierriko txirrindulari gehienek ziklo-krosa egiten dute neguan, baina zuk pista nahiago duzu.
Kadete mailan hasi nintzen, neguan entrenatzeko, eta hasieran beldur pixka bat eman zidan. Pixkanaka pistan ibiltzen ikasi nuen eta Euskadiko eta Espainiako selekzioetarako hautatu ninduten.
Joan zen astean profesionalekin aritu zinen.
Txikitako ametsa egia bilakatzen ari da. Hotelean Movistar taldekoekin, Greipelekin, Rebellinekin… egon ginen. Izugarria izan zen.
Zer moduz moldatu zinen?
Igandeko proban parte hartu nuen. Oso gustura aritu nintzen. Lasterketak 168 kilometro eta 3. mailako mendate bat zituen. Tropelari eutsi nion, hiru kilometroren faltan esprinterren taldekideak tiraka hasi ziren arte. Cancellara eta Greipelen ondoan egon nintzen: sekulakoa izan zen.
Zeintzuk dira zure helburuak 2015erako?
Sasoian nagoenez, errepideko denboraldia gogor hasi nahi dut. Bestalde, Euskadiko Lau Orduetan parte hartuko dut.
Nolako txirrindularia zara?
Ordekan eta erlojuaren aurkako probetan ondo moldatzen naiz. Azken urteetan, aldapa gora ere hobetu dut. Maldatxoren bat duten etapa lauak gustatzen zaizkit.
Nola ikusten duzu etorkizuna?
Muriasen sorrera pozgarria izan da, gazteez osatutako euskal taldea baita. Badakigu hor aukeraren bat izan dezakegula.