
Idoia Luzuriaga
Elurrak atsedena eman digunean, Inauteriak ditugu ate joka. Trineoak gorde eta mozorroak aterako ditugu. Eta berriro asteburua iritsi eta gora eta behera ibiliko gara ia atsedenerako astirik gabe. Batzuek esaten dute bakoitza izan nahiko lukeenaz mozorrotzera jotzen duela: Ni ez nago ados, baina egia da batzuetan besteetan baino erosoago sentitu izan naizela mozorroaren barruan. Gustukoen dudan jantzia sorginarena da. Trapu ilun batzuk eta txapela janztearekin batera erratzarekin ia hegan irten naitekeela sentitzen dut. Guzti honi peluka gehitzen badiot inork ezagutuko ez nauela sinisteraino iritsi naiteke. Hori bai, orain arte ezin izan dut sorginkeriarik egin. Horretarako ahalmena izango banu asteburua apurtxo bat luzatuko nuke. N1-a ez nuke ukituko, nire erratzaren gainean joango nintzatekeelako Zumarragatik Donostiara, trafikoaren gainetik. Tenperatura gehiegi jaitsitakoan pixka bat altxatuko nuke edabe batekin, inauteri eta horrelako jaietan hotzik ez pasatzeko.
Noizean behin nire inguruko guztiak isil araziko nituzke, mugikorren dei tonuak ere, eta behin sorginkeriatan trebetasun pixka bat lortuta, baten bat katu beltz bihurtuko nuke, tarte baterako besterik ez, noski! Zuk ze mozorro aukeratuko zenuke Tere?
Tere Madinabeitia
Sorginarena ere ez litzaidake gaizki etorriko niri, nik ere sorginkeriak egin ahal izateko, badut horretarako beharra eta: hotza nire ingurutik aldentzeko; erratzarekin nire gorputz honetan soberan ditudan gauza txar eta gaizto guztiak bidaltzeko; lan-kontuetan etorkizun argiago eta alaitsuago bat marrazteko; inguruko jendeari madarikazioa edo «bedeinkapena» botatzeko, bakoitzari dagokiona… Baina ez, aurten ez naiz sorginez mozorrotuko, eta etxeko txikienaren eskolakoekin bat egin, eta kalderero-emakumez jantziko naiz. Han eta hemen gauzak biltzen ibili eta gero, prest daukat dagoeneko jantzia: gona zahar eta koloretsua, peluka beltza, zapi ugari, pitxi handiak eta ikusgarriak, pandero txiki bat… Ostiral arratsaldea izango da gure inauteri-eguna, eta gure herrira etortzen bazara, lehen esandako itxurarekin topatuko nauzu kalean gora eta kalean behera, urtetik urtera handitzen ari den mozorro-desfile inprobisatuaz gozatzen, egun horretarako apaintzen diren tabernatan muturra sartzen eta lagunekin disfrutatzen. Bai. Ni inauteri zalea naiz. Beti izan naiz, eta beti izango naiz. Niri ere gustatzen zait mozorroak beste nortasun batez «janzteko» ematen duen aukera eta hurrengo urtean zer gertatuko den ez badakit ere, aurten bai, mozorrotuko naiz.