Segurako Udalak, martxoaren 1ean egingo den 26. Lilatoia egiteko asmoa duten emakumeak batu ditu, batez ere, elkarren berri izan dezaten. Horretarako, urtarrilaren 21erako bilera bat deitu zuten, Aurten bai Lilatoia! Nahi baden posible den! lemapean.
«Beste urte batzuetan, Lilatoian segurarrekin elkartu eta sorpresa hartu dugu, ez genekielako beste inor herritik joatekoa zenik. Gure asmoa, herriko parte hartzaileek elkarren berri izan eta udalaren aldetik baliabideak eskaintzea da. Hortik aurrerakoa, taldeak erabakiko du», dio Estibalitz Ripa udal teknikariak.
Bilerara dozena erdi lagun azaldu ziren, baina guztira 25 lagun inguru behintzat joatekoak direla ikusi zuten.
25 inguru, Seguratik
Horregatik, udalak autobusa jartzeko aukera egon daitekeela, eta partehartzaileek hala nahiko balute, udalak autobusa jartzeko laguntzak eman ditzakeela azaldu zuten. Lilatoirako entrenamenduak egoki egiteko gida non aurki daitekeen, aplikazioen berri eta beste informazio baliagarri batzuk ere eman zituzten bileran.
Udalak Whatsapp talde bat sortu du, bilerara joan zirenekin eta Lilatoira joateko asmoa duen edonor sar daiteke bertan. Honi, nahi dioten erabilera emango diote taldekideek: korrika egiteko hitzorduak egiteko, Lilatoiko poltsak jasotzeko gelditzeko, argazkia ateratzeko… Horrez gain, udala, taldearen proposamenak jasotzeko prest dago.
Segurako Udalaren Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasun Planean zehaztutako puntu baten harira jarri dute martxan egitasmoa. Segurako Berdintasun Plan hori EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VI. Planean oinarritu dago.
Plan horren barruan, gobernantzak hobetzeko neurriak eta eskuhartze ardatz batzuk daude, eta eskuhartze ardatz horien artean, balioen aldaketa eta emakumeen ahalduntzea daude. Hor, ahalduntze kolektiboaren aldeko laguntza emateko irizpideen artean, emakumeak kirolera hurbiltzeko ekintza bat dago: Lilatoian parte hartuko duen emakume korrikalari talde bat sortzeko kanpaina abiatzea eta baliabideak eskaintzea.
Horixe egin du udalak, eta batuta daude Lilatoizaleak.