Goierriko sagardogileek bat hartuta hasi dute aurtengo txotx sasoia, lehen aldiz. Eskualdeko sagardogintzaren egoera eta pisua ona dela dio Unai Agirrek, Gipuzkoako Sagardogile Elkarteko koordinatzaileak. Hobetu beharreko arloak ere erakutsi ditu.
Nolakoa da Goierriko sagardotegien martxa? Goierrik zer indar du sektorean?
Oso indar handia dauka. Beterrik fama gehiago edukiko du, baina Goierrin ere gauzak oso ondo egiten ari dira, sagardoari dagokionez. Gero eta indar gehiago du, eta jendeak badaki.
Aurten, lehenengo aldiz, irekiera bateratuta egin dute.
Garrantzitsua dira horrelako ekitaldiak, egiten duten lan hori guztia bistaratzen dutelako. Zorionak eman nahi dizkiegu, bai Goiturri, bultzatu duelako, eta baita sagardogileei ere, animatzeagatk. Bidea hau da.
Elkarteak eta sagardogileek zer erronka dituzue gertuenekoak?
Bide bat markatu nahian gabiltza azkeneko urteetan, bertako sagarraren eta kalitatearen inguruan. Sektorea horretan dago buru-belarri murgilduta. Horrez gain, guretzat oso garrantzitsua da sagardoaz gain eta botilako salmentaz gain, sagardotegia bera eta esperientzia berriak sortzea, turismoa erakartzeko. Bertako jendeari ere eskaintza ona egin behar zaio, ohitura manten dezan.
Bi erronka ditugu. Bat, sagardoa bera poliki-poliki hobetzen segitzea; nahiz eta asko hobetu den, segitu beharra dago, bukatzen ez den lan bat delako. Eta sagardotegiko esperientzian pultsua mantentzea.
Sagardogileak gero eta arduratuago daude sagar ekoizpenarekin, lehengaia hori dutelako. Arlo horretan, zer asmo duzue?
Lan dezente egiten ari da. Sagasti berriak aldatzeko bultzatzen ari gara, eta sagar barietateak berriro aztertzen. Aberastasun izugarria dugu. Esaten da Euskal Herrian mila sagar klase badaudela, bertakoak, sagardoa egiteko, desberdinak. Horiek abaniku handia irekitzen dute. Batzuk katalogatuta daude, beste batzuk ez. Horiek aztertzen segi behar da. Oso inportantea da bertako sagarra.
Sagar ekoizpenean, bi urtean behingo zikloa dago Goierrin. Nola bideratu liteke urterokoa?
Uzta orekatuagoak izatea lortu behar dugu, eta poliki-poliki teknikoki moldatzen ari gara. Goierri bi urtez behin oso emailea da, eta Goierrik ematen duenean sagarra asko izaten du, Beterrik urtero gehixeago ematen du eta. Urtero lortu behar dugu. Ez da berdina izango beti, baina erronka bat daukagu orekatzen. Gaur egun teknikoki egin liteke, eta urtero ekoizpena orekatzea garrantzitsua litzateke. Dudarik gabe, sagarra apustu handi bat da.
Sagardoa ondo saltzen da?
Salmentan badauzkagu erronka batzuk. Sagardo ona egiten da gaur egun, baina botilan dagokion prezioa ematea lortu beharko genuke. Horretarako, produktua dibertsifikatu behar da. Sagardo, etxe eta kalitate desberdinak ditugu, eta hori, nolabait, merkatuei erakutsi behar diegu. Kanpoko merkatuetan saltzea ere oso-oso garrantzitsua da. Zaila egiten zaigu sartzea, oso hemengoa delako produktu hau, baina uste dugu badaukala bidea.