Lenbur Fundazioak antolatuta, Legazpiko Erreizabal baserrian artzaintzaren eta gaztaren mundua ezagutzeko aukera izango da martxoko asteburuetan. Familiei zuzendutako egitasmoa da ‘Artzaintxo Egunak Legazpin’.
Inguruko larreetan arkumeak korrika ikusten dira egunotan. Legazpiko Lenbur fundazioari eta Telleriarteko Erreizabal baserriko ekomuseoari esker, haurrek arkumeak, –ikusi irudia–, artzaintzaren eta gaztaren munduak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute martxoko asteburuetan, 11:00etan.
Erreizabal baserrian duela 11 urte ireki zuten artzaintzaren ekomuseoa eta museoa ikusiz hasiko da bisita. Antzinako ganbara batean kokatuta dago artzaintzaren museoa. Artzaintzari eta ardiei buruzko istorioak, gaztaren sekretuak, elikadura osasuntsuaren garrantzia, mutur beltz ardien berezitasunak, kaikuaren erabilerari buruzko azalpenak emango dituzte Arantxak eta Juan Joxek.
Ondoren, arkumeak ikustera joango dira bisitariak, biberoiak eskuan hartuta. Arkumeei jaten emateko eta arkumeak laztantzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Zorte pixka batekin, arkumeak jaiotzen ikusteko aukera ere izan daiteke. Bisita bukatzeko, gazta pintxoa sagardoarekin (edo urarekin) dastatzeko aukera izango da. Lau euro kostako da.
Bisitan parte hartzeko beharrezkoa da aurrez izena ematea eta txanda alde aurretik hartzea. Mirandaolako Turismo Bulegoan egin behar da izen ematea: 943 73 18 95 – 943 73 04 28. Telleriarte auzoan dago Erreizabal museoa eta nahi zanez gero, Brinkolaraino trenez joateko aukera dago.