‘Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura’ egitasmoaren barruan nafar ekoizleen oliba olioa eskuratzeko kanpaina abiatu du Errigorak. Seguran, Lazkaon eta Zaldibian eska daiteke, martxoaren 4ra bitartean.
Udazkenean Nafarroako produktu sorta eskuratzeko aukera izan zen Errigoraren eskutik. Oraingoan, berriz, nafar hegoaldeko oliba olio birjina eskatzeko aukera izango da. Dagoeneko abian da kanpaina, eta martxoaren 4ra bitarteko epea dago bost litroko olio bidoiak eskatzeko, konbentzionala zein ekologikoa.
Bi helburu nagusi ditu egitasmoak. Batetik, bertako produktuak, kalitatezkoak eta bitartekaritza espekulatiborik gabekoak eskuratzeko aukera izatea. Bestetik, Nafarroa hegoaldeko ekoizle eta nekazariak babesteko modua da olioa haiei erostea, eta, bidez batez, kontsumo arduratsua bultzatzeko modua.
Goierrin, hiru herritan izango da olioa eskatzeko aukera:Lazkaoko Gerriko liburu dendan, Zaldibian eta Seguran. Herri horietan eskuragarri jarri dituzten eskaera orriak bete daitezke horretarako. Bestalde, Internet bidez ere egin daiteke eskaera, orria online beteta (www.errigora.eus). Martxoaren 12an eta 13an jaso ahalko dira olio bidoiak. Zaldibian, Artxanberrin jarriko dute jasotze puntua, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 18:30era. Seguran ere ordu tarte horietan jaso ahalko da olioa, Guardi industrialdeko 32-33 pabiloian.
Bi olio ekoizlek parte hartuko dute. Cascanteko La casa del aceite kooperatiba izango da bat. Olio konbentzionala zein ekologikoa ekoizten ditu kooperatiba horrek. Ablitaseko Nuestra señora del Rosario kooperatiba izango da beste ekoizlea.
Errigoraren helburua da urte guztian zehar izatea nafar produktuak kontsumitzeko aukera. Hori dela eta, maiatzean beste kanpaina bat egingo du, eta kasu horretan kontserbak eskatzeko aukera izango da.