Idoia Luzuriaga
Ikusi edo irakurri al duzu Tere, 21 egun kexarik egin gabe egoteko erronka horren inguruko gai hori? Ez da gai berria. Ideia 2006an jarri zuen Will Bowen izeneko amerikar batek abian, horren inguruko liburua idatzi eta gero, baina azkenaldian toki guztietan entzuten eta ikusten ari naiz. Erronka honetan datza: 21 egun egon behar duzu kexatu gabe. Kexatzen zaren bakoitzean berriro hasi beharra dago zenbatzen, eta nolabaiteko kontrola eramateko eskumuturreko more bat erabiltzen da (beste ezer ere erabil daiteke). Kexa ahoratzen duzun bakoitzean eskuz aldatu eta berriro hasi behar zara kontatzen. Antza, 21 egun edo 21 aldi behar dira zerbait egiten ohitura aldatzeko, hau da aurrekoa alderatu eta berria barneratzeko. Nik hau egingo banu, sekulako eskumuturreko sendoa eta polita aukeratuko nuke behin eta berriro hasi beharko nukeelako, eta badakizu, behintzat iraun dezan. Baina ez dut egingo. Ziur asko Bowen honek arrazoia du, eta etengabe kexatzeak ez du onurarik, baina zer esango dizut ba, noizean behin “kaka zaharra!” esatea neri oso ondo etortzen zait, eta ez dut uste honek nire osasunari kalte egiten dionik. Gainera, “a ze gozamena” ere sarritan esaten dudala uste dut behintzat eta orekan omen dago neurria.
Tere Madinabeitia
Zenbat egun esan duzu? Gehitxo iruditzen zait neri 21 egun. Gainera, ez dut eskumuturrik eramateko ohiturarik eta ez nintzatekeen eroso sentituko horrelako bat eramanda, morea, urdina edo horia. Ez zait iruditzen neretzako moduko erronka denik zuk proposatzen didazun hori. Beraz, kexaka jarraituko dut. Izan ere, kexatzea ezinbestekoa dela iruditzen baitzait. Nolakoa izango litzateke gure gizartea gaizki, edo ondo, dauden egoera edo gauzengatik kexatuko ez bagina?
Ez, ez eta ez. Kexatu egin behar gara gaizki iruditzen zaigun guzti horren aurrean. Gaur, esaterako, eguraldiaren kontura kexatu behar naiz ni. Zer da hau? Legazpiko jaiak iristear daudela, eta euria? Baina non ikusi da horrelakorik? Eguraldi honekin nola entzungo dut ba kukua? Aurrekoan kukuari buruz idatzi nuen, eta batek baino gehiagok galdetu dit aurtengoan entzun al dudan. Ez ba. Oraindik ez. Baina badakit gure etxe inguruan dabilela, eta horregatik, kanpora irteten naizen bakoitzean, txanpon bat edo beste eramaten dut gainean badaezpada.
Hau, zuk proposatu didazun ariketa baino errazagoa iruditzen zait, neretzako, eta guztientzako. Beraz, bete patrikak diruz eta joan menditik ibilalditxo bat ematera. Zu bereziki, legazpiar hori, bonolotoan hainbeste euro irabazi duzun hori. Sartu diru piska bat patrikan eta joan zaitez kukuaren bila, ea gainerakooi ere zorte piska bat ekartzen diguzun.