Burdinola eta Badihardugu elkarteek, Legazpiko Udalaren laguntzarekin, adineko 34 legazpiarren testigantzak jaso zituzten 2009an. Egindako bideo guztien laburpenarekin ordu erdiko dokumentala aurkeztu dute orain.
Mendeetan zehar garrantzia gutxi eman zaie herritar xeheen testigantzei. Gauzak aldatu egin dira, ordea. Gainera, teknologia berriei esker, ikus-entzunezko eran jaso daitezke testigantza horiek. Egungo adinekoen belaunaldia izango da bere hitzak eta irudia betirako gordeta utziko dituen lehenengoa. Baita Legazpin ere, Burdinola eta Badihardugu elkarteen lanari esker.
Badihardugu elkarteak Ahotsak egitasmoa jarri zuen martxan adinekoen testigantzak jasotzeko eta 2009an legazpiarren deia jaso zuten. «Ideia 2009an sortu zen, Burdinolaren bilera batean. Ziklo bat ixten ari zela eta ahozko ondarea jasotzea komeni zela ikusi genuen. Udalaren laguntza jaso ondoren, Badihardugurekin harremanetan jarri ginen», azaldu du Jose Luis Ugarte Burdinolako kideak.
Aitziber Otegik 32 elkarrizketa egin zituen «errekor denboran». Mari Paz Aranguren izan zen elkarrizketatuen baiezkoa lortu zuena. 34 lagun elkarrizketatu zituzten 32 elkarrizketa horietan: 19 emakumezko eta 15 gizonezko. 740 bideo pasarte grabatu zituzten eta 42 ordu beharko dira guztiak ikusteko. Grabazioak ahotsak.eus webgunean daude. Bideo horiek guztiak bertako euskara eta garai bateko bizimodua ezagutzeko tresna paregabea dira.
Baina legazpiarrek laburpen bat ere egin dute eta haren aurkezpen ekitaldian zortzi elkarrizketatuk eta gainontzekoen senitartekoek parte hartu dute. Guztiek testigantzen irudien DVDa jaso dute opari.
Antonio Agirre, Felisa Guridi, Isabel Ugarte, Anizeta Gereñu, Markos Madinabeitia, Rosario Aztiria, Julian Zabaleta eta Elbira Olabide elkarrizketatuek «poza» azaldu dute egitasmo honekin eta bideoa asko gustatu zaiela esan dute.
Begoña eta Nati Arrondo, Pilar Galparsoro zenaren alabak, hunkituta zeuden. «Aitziberrek garai bateko kontuei buruz galdetu zion eta gure amari asko gustatzen zitzaion istorio haiek kontatzea. Asko pozten gaitu amaren testigantza gordeta geldituko dela jakiteak», esan dute ahizpek.