Ainhoa Murielek (Ordizia, 1997) bere bi zaletasun nagusiak uztartu ditu: errugbia eta argazkigintza. Ampo-Ordizia taldearen partidetara joaten da eta bere argazkiak komunikabide ezagunek argitaratu dituzte. Besteak beste, Marca kirol egunkari espainiarrak.
Nolatan hasi zinen Ampo-Ordizia errugbi taldearen argazkiak ateratzen?
Nire bi zaletasunak bateratu ditut: errugbia eta argazkilaritza. Txikitan Trebijanoko zelaira joaten nintzen aitarekin, Ordiziako taldearen partidak ikustera. Amari ere argazkilaritza asko gustatzen zaio eta etxean kamera on bat dugu. Nire kontura argazkiak ateratzen hasi nintzen eta halako batean errugbira ere kamera eramatea erabaki nuen.
Zure argazkiak dagoeneko oso ezagunak egin dira.
Ampo Ordiziak jokatu zuen lehen Kopa finalean argazkiak atera nituen eta ondoren nire Facebookean jarri nituen. Taldeko jokalariak Facebookeko lagunak dira eta gustatu egin zitzaizkien. Egun, argazkiak nire Flickr kontuan jartzen ditut.
Lehiaketetan parte hartzen al duzu?
Kirol argazkilaritza lehiaketa batean parte hartzea pentsatu nuen, baina ezin izan nuen: publikatu gabeko argazkiak bidali behar ziren eta nire argazki onenak dagoeneko publikatuta daude.
Argazki horietako batzuk komunikabide ezagunek argitaratu dituzte.
Argazkiak Espainiako Errugbi Federazioari bidaltzen dizkiot eta honek bere webgunean jartzen ditu. Marca egunkariak ere nire argazkiak hartzeko ohitura du, bere webgunerako. El Diario Vasco egunkariak ere erabiltzen ditu. Kanpoko partidetan ateratakoak batez ere. Izan ere, etxeko partidetara beraien argazkilaria bidaltzen dute.
Nolako argazkiak gustatzen zaizkizu?
Lehen planoak atsegin ditut, batez ere. Argazkietan jokalarien keinuak agertzea eta sufritzen ari direla ikustea gustatzen zait. Gainontzeko gaiei dagokienez, paisaiak gustuko ditut, baina mugimendua gehiago gustatzen zait. Iaz, adibidez, Euskal Herriko Itzuliko argazkiak atera nituen.
Ze asmo dituzu etorkizunerako?
Ikastaroren batean parte hartzeko asmoa dut, autodidakta bainaiz. Eta administraritza ikasi behar dut, Goierri Eskolan.