Jonmikel Intsausti Lazkaon jaio zen 1967an, baina Zumarragara zortzi urterekin iritsi eta, orduz geroztik, han egin du bizitza. Informatikaria da ofizioz, afizioz ere bai. Zintzo Mintzo euskaltzale elkartea, Otamotz aldizkaria eta webgunea, Ostadar mendi taldea eta Beitia mendi martxaren –igandean egingo da– saltsatan aritu da eta aritzen da.
Mendiko botak prest iganderako?
Antolaketa lanetarako ez ditut jantziko. Helmugan egongo naiz martxaren informatika arloa zaintzen.
Non zaude ordenagailu aurrean ez zaudenean?
Ez zait denbora galtzea gustatzen eta burua elikatzen dut irakurtzen edo film on bat ikusten.
Arrastoa utzi dizun film bat?
Le thé au harem d’Archimède, Mehdi Charefena. Orain 25 urte ikusi nuen Zumarragako zineklubean.
Eta liburu bat?
Joxe Azurmendiren Espainolak eta euskaldunak.
Mendi bat?
Izazpi mendia, han bihurtu nintzen mendizale, aspaldian ez naiz joan.
Oporretarako toki bat?
Polonia [emaztea hangoa du].
Poloniako janari gustukoena?
Kutia, Gabonetako afarian ateratzen dituzten hamabi plateretako bat da, semola eta amapolarekin egindako postrea.
Zerk eragiten dizu irria?
Karolina alabak egunero.
Zeri diozu beldurra?
Nire buruaren jabe ez izateari.
Alkatea bazina?
Gertutasun handiagoarekin gobernatzen saiatuko nintzateke.