Larraitz Sorron zumarragarra (1983) ikasketaz albaitaria, ofizioz udaltzaina eta afizioz puntako ‘musherra’ da. Musherren ezinbesteko bidelagunak dira txakurrak. Lur gainean edo elurretan egin daitekeen kirolean aritzen dira. Modalitate ugari dago, Sorronek bikejoring eta skijoring egiten ditu, hau da, txakur bakarrak tiratuta txirrinduan nahiz eskiekin aritzen da.
Europako Txapelketarako sailkatu zara bi modalitateetan.
Bai, lurrekoa Irlandan jokatuko da urrian eta elurretakoa Norvegian, datorren martxoan. Espainiako txapelketetan bigarren egin nuen bi kategorietan. Ez dakit, halere, joateko aukerarik izango dudan.
Europarako sailkatuz gero, Munduko txapelketarako txartela lortuko duzu.
Han, ordea, ez daukagu irabazteko aukera handirik, baina joaten bagara ikasteko parada ezin hobea izango da. Munduko onenak egongo dira: lurrean txekiarrak puntakoak dira eta norvegiarrak elurretan.
Nolatan hasi zinen?
Husky (iparraldeko txakur arraza) bat oparitu zidaten 13 urte bete nituenean eta kirola egiteko premia zuela esan zidaten. Bergaran Axen Garitano ezagutu nuen eta harekin hasi nintzen.
Norbera fisikoki prestatzeaz gain, txakurren entrenamenduak pisu handia izango du.
Bai, hori da zailena. Udan kilometroak eta kilometroak egiten ditugu txakurrak lotu gabe, ez baita komeni hamabost gradutik gora dagoenean txakurra lotuta eramatea; fondoa lantzen dugu. Neguan erresistentzia eta potentzia indartzen ditugu eta txapelketen aurretik serieak egiten ditugu.
Txakurrentzat gustagarria dela esango al zenuke?
Nire txakurrak ez badu tira egin nahi ez dago zereginik. Entrenamendua jolas bat bezala egiten dugu eta, hala, arnesa ikusteaz batera pozarren jartzen dira.
«Txakurrak ez badu nahi ez dago zer eginik; arnesa ikusita pozarren jartzen dira»
Txakurraren eta zure arteko interakzioa estua izango da, ala?
Erabatekoa. Ardatz nire txakurrak bi urte egin zituen martxoan. Oso gaztea da eta a priori txakur egokiena ez bada ere, oso-oso azkarra denez orekatu egiten ditu bere gabeziak.
Bion artean konfiantza behar da?
Demagun bidegurutze batean 27 kilometro orduko abiaduran zoazela. Abiadura horretan eskuinera hartu behar bada zuk konfiantza izan behar duzu txakurrak hara egingo duela. Keinu txiki bat eginda txakurrak ederki asko ulertzen du zer den egin behar duen.