Haurrei etxerako lanak bidaltzearen gaiak hizpidea jarri ohi du eskola komunitatea sortzen duten eragileen artean. Aldagai askok eragiten diote eztabaida horri, eta iritzi bateratu bat izateko bide luzea dago egiteko oraindik.
Bukatzear da aurtengo ikasturtea, eta horrekin batera, irailera arte –kasu gehienetan behintzat– ahaztuta geratuko dira eskola kontuak. Beharbada, oraingoa izan liteke aurtengoaren balorazioa egin eta datorrenari begira hausnarketa egiteko garairik onena, baina udako oporrak ere igaroko dira, eta bi hilabete eta erdi barru bere horretan segituko du denak.
Etxerako lanak bai ala ez, etxerako lanak bai eta ez, etxeko lanak zertarako? Galdera eta gogoeta ugari egin daitezke hitz aspertu askorako aukera hainbat eman duen gai horri buruz. Gurasoen artean sortzen du zeresana batez ere, eta esparru hainbatetan zalantzan jartzen da etxerako lanen balioa. Interneten ere hamaika artikulu irakur daitezke gaiaren inguruan. Eta ondorio bat ateratzekotan, honakoa: ez dago iritzi bateraturik.
Artikulu horiei tiraka, aditu askoren hitzak bil daitezke. «Europan eskola ordu gehien duen hezkuntza sistema daukagu, eta etxean beste hiru sartu behar dituzte ikasleek. Horrek ez dauka zentzurik», dio Enric Roca Pedagogia irakasle kataluniarrak. Askok egiten dute bat iritzi horrekin, baina beste askok –kontserbadoreek kasu gehienetan– diote lan ohiturak, ordena eta diziplina dakartela.
Helburua eta neurria
Rocak erdibidearen alde egiten du. Haren ustez, etxerako lanak onuragarriak izan daitezke eta ohitura onak sor ditzakete baldin eta ez badira eskola orduen jarraipen modura proposatzen. «Eskola orduetan ulertu ez dena ulertarazteko ez dute balio etxerako lanek, baina bai eskolan ikasitako kontsolidatzeko». Maite Rodriguez pedagogoaren hitzak dira horiek. Lehen Hezkuntzako 3. mailara arte ez liratekeela etxerako lanak bidali behar uste du, eta ez luketela ordu erdi bat baino gehiago iraun behar, irakurketa barne dela; 6. mailatik aurrera ordu eta erdi, eta DBHn bi ordu baino gehiago ez. «Umeek ume izan behar dute, bizi egin behar dute, eta jolas egin». Orokorrean, beraz, ez da zalantzan jartzen etxerako lanak bidali behar diren bai ala ez, baizik eta neurrigabekeria.
«Haurren erritmoa eta sistemaren funtzionamendua ez dira bateragarriak»
«Etxerako lanak neurrian eta ikasle bakoitzak dituen beharren arabera bidali behar dira»
«Gurasook irakasleen egoera ulertu behar dugu, baita haiek gurasoona ere»
Idoia Apaolaza – Psikopedagogoa
Frantziako Guraso Elkarteen Federazioak Etxerako lanen greba deitu zuen 2012an, eta 2014an LHn etxerako lanak galarazteko proposamena egin zuen Frantziako Gobernuak. Gerturago etorrita, Nafarroako Arartekoaren eskariz Nafarroako Eskola Kontseiluak 2011n egindako txosten bat ere badago. Haren arabera, lehen eta bigarren hezkuntza ikasleen %32,9k ordubete eskaintzen diete etxerako lanei; %50,7k ordu eta erdi, eta bi ordu eta erdi artean; eta %11,6k hiru ordutik gora.
Egiaztapen argi bat utzi zuen txosten hark: zenbait ikaslek ez dutela etxean nahiko baliabide ekonomiko, kultural eta tekniko etxerako lanak era egokian egin ahal izateko, eta ondoen egiten dituztenak baliabide horiek dituztenak direla. «Horrek ezberdintasunak sortzen ditu ikasleen artean, eta gero eta arrakala handiago ere bai».
Finlandiako eta Koreako ereduak beti dira aipagai etxerako lanez hitz egitean. Finlandian ordu erdi eskas eskaintzen dizkiete ikasleek etxerako lanei; han ez dira garrantzitsuak. Korean, berriz, akademia batera joan behar dute eskolako hariari jarraitu nahi badiote. Talka egiten duten bi eredu dira, baina emaitza aldetik biak ala biak arrakasta lortzen dute.
Teoriatik errealitatera
Etxerako lanak zertarako, edukiak ikasteko ala ikasleen artean lan ohiturak sortzeko? Gurasoen artean sortzen den beste galdera bat da hori. Eta hona hezkuntza munduan aritzen den guraso baten iritzia: «Ez luke ikasteko behar, edukiak irakasleek erakusten dituztelako, eskolan. Lan ohiturak sortzea bada helburua bai, gaur egun daukagun irakaskuntza munduan lan ohitura batzuk ez badauzkazu ez baituzu zereginik izango goi mailako ikasketa batzuei aurre egiteko. Interesgarria da lan ohitura horiek edukitzea».
Tankera bertsuko ustea du Idoia Apaolaza psikopedagogoak (Ikaztegieta, 1980). Beasaingo Ttiklik elkargunean kontsultak eskaintzen ditu ostegunero, eta baita sorterrian jarria duen zentroan ere. Arreta gabezia, hiperaktibitate eta motibazio eza duten gaztetxo eta nerabeekin lan egiten du. Batetik teoria dagoela dio, eta errealitatea bestetik.
«Niri asko gustatzen zait Maria Montessoriren filosofia. Eskola librea aldarrikatzen zuen, haurren erritmoa errespetatu behar dela, eta ni guztiz ados nago horrekin. Teoria orokorra da, eta oso ondo dago, baina errealitatean hori ezin da». Apaolazak, ordea, gaur egungo hezkuntza sistemari egiten dio erreferentzia. «Curriculuma irakurtzen duzu, eta ikasle bakoitzaren erritmoa eta aniztasuna errespetatu behar dela jartzen du. Baina zer gertatzen da? Lehia gogor batean sartuak gaudela, eta haurraren erritmoak eta sistemaren funtzionamendua ez direla bateragarriak. Zer gertatzen da lan munduan? Gutxieneko titulu bat ez badaukazu, oso zaila egingo zaizu lana bilatzea».
Apaolazak ez du bere burua «etxerako lanen defendatzailea sutsutzat» jotzen, baina gaur egungo gizarteari begiratu behar zaiola dio. «Etxerako lanak neurrian eta ikasle bakoitzaren beharraren bidaltzearen aldeko naiz. Guraso bezala, defenda dezaket eskoletan gauzak beste modu batean egin ditzaketela, baina profesional bezala kasu bakoitzaren berezitasunak aztertu behar direla uste dut. Ni gizarte honetan bizi naiz, eta badakit zer dagoen».
Ohiturak sortzearen alde
Kontsultara joaten zaion ikasle baten kasuari egin dio aipamena. Bezero horren ikastetxean –edo ikaslearen irakasleak behintzat ez– ez dute etxerako lanak bidaltzeko ohiturarik, baina ikasle horrek behar omen ditu. «Nik neronek prestatzen dizkiot fitxak, benetan behar baititu». Apaolazarentzat garrantzitsua da haurrei gauzak kosta egiten direla sentiaraztea, hori bai, blokeoak saihestuz. «Orain gehiegi babesten dira haurrak, burbuila batean bezala dauzkagu, eta askotan eskola eta irakasleak etsaitzat hartzen ditugu. Nik uste dut lan-talde bat sortu beharko genukeela. Gurasook irakasleen egoera ulertu behar dugu, baita haiek gurasoon egoera ere».
Etxerako lanak ikasleengan lan ohiturak sortzeko badira, begi onez ikusten ditu. «Unibertsitatean, esaterako, ikasi eta ikasi egin behar da, eta hori egiten da ikasketarako ohitura bat dagoelako. Eta ohitura hori umeengan txertatzea gurasoei dagokigu», zehaztu du.
Udako oporrak, etxerako lanak, deskantsua eta oreka
Ikasturtean zehar nahikoa lan egin dutela eta oporrak deskantsatzeko direla. Inor gutxik jarriko du zalantzan baieztapen hori, baina horrek ez du esan nahi ezer egin behar ez denik. Apaolaza udan zehar «lan pixka bat» egitearen aldekoa da, batik bat urtean zehar atzetik eta ezinean ibiltzen den kolektiboari begira.
«Oreka bat bilatzearen aldekoa naiz. Egunero egin daiteke zerbait, haurra ito gabe eta bere erritmoa errespetatuz. Ikasturtean ondo ibili bada malguagoak izan gaitezke». Gutxienetik, ohera sartu aurretik gurasoek haurrekin irakurketa saioa bat egiteak kalterik ez dakarrela dio.