Uztailaren 2an Gipuzkoako Batzar Nagusietako osoko bilkura ibiltaria Zumarragan egingo da. Antion jarri dute hitzordua, interpretazio zentroan. Ez da nolanahiko eguna eta tokia. Zumarragako ermitaren festa egun seinalatuena da, Santa Isabeleko erromeria, baseliza barruan ezpatek dantzan egiten duten data.
Beste behin ere egokitu zitzaion Zumarragari batzar orokorren osoko bilkura ibiltaria hartzea. Hain zuzen, 1992an izan zen. Bilkura Legazpi dorretxean egin zuten. Jose Julian Irizar (EA) zen Zumarragako alkatea, Josu Jon Imaz (EAJ) zinegotzi lanetan aritzen zen eta Anton Arbulu (PSE-EE) batzarkidea zen. Urretxuko alkatea Pello Gonzalez (EA) zen.