Plazako frontoia deitzen diote herritarrek, baina Toki-Alai da haren izen ofiziala. 1913an eraiki zuen Sociedad Española de Construcciones Metálicas lantokiak –gaur egun CAF–, Zaldibiako uraren bidez argindarra sortzeko lortutako akordioaren eskertza modura. Elizaren kontra eraikitako estalpea ere haren dohaintza izan zen.
Zaldibiarrek antzina-antzinatik jokatu izan dute pilotan, horren lekuko dira artzainek Aralarren egiten zituzten pilota jokoak. Kalean, Toki-Alai eraiki aurretik, Santa Fe elizaren ipar aurpegian aritzen ziren jokoan. Ezin konta ahala partida hartu ditu Toki-Alaik, eta hamaika pilotariren sehaska izan da. Asteburu honetan ere beste final baten lekuko izango da.