Seigarren urtea, eta berritasunekin. Hala dator aurten Euskal Herriko Ultratrail probarik gogor, ikusgarri eta parte-hartzaileena. Berritasuna, Ehunmiliak eta Goierriko Bi Handiak ez ezik, Marimurumendi maratoia ere jokatuko dela aurten. Gogortasunaz eta ikusgarritasunaz hitz handirik ez esateko, izatez halakoak direlako gisa honetako probak. Eta parte-hartzaileena bai, eta goranzko joerarekin gainera. Aurten, 922 lasterkarik eman dute izena hiru probak aintzat hartuta. Iaz 657k parte hartu zuten Ehunmilietan eta G2Hn.
Hilaren 10etik 12ra jokatuko dira aurtengo lasterketak. Ehunmiliak lasterketa hilaren 10ean abiatuko da Beasaingo plazatik, 18:00etan. 11.000 metroko desnibel positiboa du, eta Gipuzkoako bost eskualde zeharkatzen ditu. Parte-hartzaileek 48 orduko epea izango dute helmugara iristeko, eta lehen sailkatua 23 orduren bueltan ibiliko da. 272 korrikalarik eman dute izena, horietatik 14 goierritarrak.
G2H, 500eko langatik gora
Egun berean abiatuko da Goierriko Bi Handiak ere, baina gauez, 23:00etan. Proba laburrak 88 kilometro ditu, 6.000 metroko desnibel positiboa, eta Aralar eta Aratz-Aizkorri elkartzen ditu ibilbideak. Kasu honetan 22 ordukoa da helmugaratze epea, eta lehen sailkatuak 11 ordu inguruko denbora egingo du. Aurten, araudiak ezarritako 500 laguneko partaide kopurua gainditu du izen-emateak. Gainera Euskal Herriko Ultratrail Txapelketa ere izango da G2H, eta hori izan daiteke izen-emate kopuruak gora egiteko arrazoia. Iaz 362 izan ziren. 81 goierritarrek eman dute izena aurtengo.
Marimurumendi maratoia izango da jokatuko den hirugarren proba. 42 kilometro izango ditu, eta 2.300 metroko desnibel positiboa. Igandean, hilaren 12an, abiatuko dira lasterkariak, 09:00etan, eta 8 orduko epean bukatu beharko dute. Beasain inguruko mendiak zeharkatuko ditu: Usurbe, Murumendi, Pagorriaga, Mariren kobazulo ondotik pasa, eta Mandubia, Kizkitza, Atxurtza, Izazpi, Ezkio-Itsaso, Kizkitza, Arriaran, Usurbe eta atzera plazara itzuliko dira lasterkariak. 150 bat lagunek eman dute izena, eta herena baino gehiago goierritarrak dira, 55.
Iazko abenduan eman zuten proba honen berri antolatzaileek. Hirugarren proba bat prestatzea azken hiru urteetan «puri-purian» egon den gai bat izan dela adierazi zuten orduan Mikel Valdibielso eta Andoni Zubeldia lasterketaren zuzendariek. Iazko irailean egindako bilera batean atera zen gaia, eta ardura hartzeko prest jendea agertu zenez, aurrera egin zuten.
Proba hau jokatu ahal izateko, Errekarte Txiki baserri inguruko herri-bide bat berreskuratu dute. Beasaingo adineko jendeak bidea ez omen du ezagutu, baina aditzera izan bai.
Igarotze kontrol gehiago
Urtero araudia errebisatzeko ohitura dute Ehunmilietako antolatzaileek, baita beste lasterketa batzuetako araudiak gainbegiratzekoa ere. «Aurtengo aldaketa nabarmenena da natur parkeetara sartu aurretik bi igarotze kontrol gehiago jarri ditugula, eta denboran epe muga bat jarri dugu. Hau guztia korrikalarien segurtasunarengatik egiten dugu», azaldu du Zubeldiak. Amezketan egongo da horietako puntu bat –96. kilometroa, eta 24 orduko epe muga– eta San Adrianen bestea –139. kilometroa, eta 38 orduko epe muga–. Muturreko eguraldi baldintzak baleude, proba bertan behera utz dezake antolakuntzak. Aurten, eguraldiaren aitzakiarik ez dela izango diote iragarpenek.
Betiko izenak kinieletan
Hiru lasterketen artean, atzerritik etorritako 30-35 lasterkarik parte hartuko dute. «Kataluniarrak etortzen segitzen dute, portugaldarrak ere bai, Ingalaterratik ere bai… Aipagarria da G2Hn bereziki parte hartu nahi duen AEBetako korrikalari bat dagoela. Guretzako bada nolabaiteko ohore bat; AEBetan gure lasterketa ezagutzeak halako ardura bat sortzen digu».
Iazko Ehunmilien podiumera igo ziren hiru korrikalariak aurten parte hartzekoak dira: Javi Dominguez (2014an eta 2011n irabazle), Imanol Aleson (2013an eta 2010ean irabazle, eta errekorraren jabea: 22:59:19) eta Iñaki Catalan. Eta aipamen berezia behar duena Jaione Sasieta da. Bost edizioetan parte hartu du, eta iazkoan ez beste guztietan podiumean izan da. G2Hn iazko podiumeko bi izango dira, Pedro Etxeberria eta Jokin Garai, eta emakumezkoetan, iazko Ehunmilietako podiumekoak G2Hn ariko dira: Silvia Trigueros, Elena Calvillo eta Jone Urkizu.