Maite Riañok (Ordizia, 1971) auzo-herria aukeratu zuen bizilekutarako eta bizitzarako. 2004an joan zen Itsasondora. 11 urteotan hamaika herri ekimenetan parte hartu du.
Zer dauka Itsasondok?
Oinarritzat herritarren parte-hartze zabala eta herrikoia. Herriaren eta herritarron bizimodu pozgarria du helburu.
Zerk egiten zaitu zoriontsu?
Maite ditudanen irribarreek eta alaitasunak.
Oporretarako zer asmo?
Nahiare alabarekin eta Eleder semearekin, gustuko ditugun gune, lagun eta familiakoekin une goxoak izatea.
Zer egitea duzu bereziki kutun?
Formakuntza pertsonalean eta indar positiboa bideratzen duten egitasmoetan aritzea.
Zer erakutsi dizu Itsasondok?
Auzolana eta elkarlanaren garrantzia.
Balio handienekoa zer dago?
Gauza asko. Maitagarria bezain baliotsuenetakoa Urkipe eskolako eguneroko lana.
Zer zaletasun dituzu?
Iritzi desberdinak entzuteko interesa.
Liburu bat?
‘Nosotras que no queremos tanto’, Marcela Serranorena. Eta ‘Sentipuinak’, Begoña Ibarrolarena.
Zerk sortzen dizu irribarrea?
Askatasunaren bilakaeran lantzen ditugun egitasmoek.
Eta beldurra?
Ahozko eta ez ahozko komunikazio bortitz inposatzaileak.
Herriko alkate bazina?
Oraingo eta aurrekoaren urratsei jarraituz, herritar guztion iritziak —zahar eta berri— eta parte-hartzea bultzatu. Trukatu, berpiztu eta zabaldu.