Tere Madinabeitia
Festak ez dira garai batekoak bezalakoak. Ospatu berriak ditugu auzoan, eta ez naiz oso gustura geratu. Gorabehera batzuk izan ditugu programatutako ekintzak aurrera eramateko: musikari bat gaixotu egin zen bere jardunaren bezperan; harrijasotzaileak min hartu zuen bere erakustaldia baino ordu batzuk lehenago; omenduak izan behar zirenak ez zuten omenduak izan nahi; txosna urez gainezka ere izan genuen egun batean… Baina ez, arazo horiek guztiak gainditu eta festak normal normal joan dira, ekintzen aldetik behintzat. Beste kontu bategatik nago disgustura. Jendearen erantzunagatik, alegia. Auzotarrak falta izan dira, kanpoan bizi diren auzokoak ez dira asko etorri, eta kanpotarrak… asko ere ez. Antolatzen hainbeste lan egin eta gero…
Beste auzo eta herrietan ere antzera gertatzen omen da. Hainbeste aldatu dira festak… Kalean eta plazatan ez da garai batean bezalako girorik izaten, eta jendea ere gutxi. Tabernatan ere ez. Gaztetxoek nahiago dute orain botilak hartu eta kale eta plazatatik aldegin eta ezkutatu. Plazako berbenak aldatu egin dira, eta jendea musikariengana joan beharrean, musikariak joaten dira jendearengana tresnak eta megafonia mugikorrak hartuta.
Jaiak antolatzen ibiltzen direnak moldatu egin beharko dira garai eta ohitura berrietara. Formato txikiagoak, erabilgarriagoak, erosogoak bilatu beharko dituzte jendea erakartzeko.Ez da erronka txikia.
Idoia Luzuriaga
Irailari heltzeko erronka handia dakarzu, bai Tere!Aspaldian nago horrelakoak entzuten, eta ikusten ere, baina aldatu direnak ez dira bakarrik festa ohiturak izan, ohiturak orokorrean baizik. Nik uste dut duela urte batzuk festak eta ospakizunak elkarrekin harremanetan egoteko aitzakia zirela, eta giro horretan ondo pasatzeko; baina orain, harremanetarako beste zenbait aukera ere badago. Esate baterako, aurrez-aurre tabernen inguruan festaz kanpoko hainbat momentutan, pintxo-potean adibidez. Gazteenei dagokionez sare sozialen bitartez nagusiki eta beren garitoetan. Aspaldi somatuta gaude gure adinekoak ere larunbat gauak ez direla garai batekoak. Legedi berriak, ohitura aldaketak, musika entzuteko beste moduak… Eta guzti honi abuztua eta hilabete honi dagokion irteera kopuruarekin, zer esanik ez. Dena den ez pentsa zuen auzoko gaia denik bakarrik. Aurreko batean Nafarroako herri batean antzeko zerbait gertatzen dela kontatzen zidaten. Nik festa haiek haurra nintzelarik berbena garaian jendez betetako plaza batean gogoratzen nituen, eta orain esaten zidatenaren arabera musikariak ia bakar-bakarrik aritzen dira. Ulertzen dut antolaketa lanetan zabiltzatenoi egoera horrek etsipena sortaraztea. Baina jendearen erantzuna ez dago bakarrik zuen eskuetan. Badakit ez zaituela kontsolatuko baina Santanastasiak ate joka daude Urretxun; etorri zaitez dantza pare bat botatzea!